Normaltasun berrira egokitutako Gabonak eskaini nahi dizkie PSE-EEk haurrei
Herritar ugariren kezka jaso dutela gaiaren inguruan azaldu du Isaac Palencia PSE-EEren bozeramaileak komunikabideetara igorritako prentsa ohar bidez.
COVID-19ak dena ukitu eta hankaz gora jarri du. Pandemiak, halabeharrez, berrasmatzea ekarri du, modu berriak eraikitzea egunerokoari erantzuteko. Horren harira Gabonei begira jarri da alderdi sozialista eta proposamena aurkeztu du udalean aintzat hartu eta normaltasun berrira egokituta bada ere, modu ezohikoan ospatzeko. Herritar ugariren kezka jaso dutela gaiaren inguruan azaldu du Isaac Palencia PSE-EEren bozeramaileak komunikabideetara igorritako prentsa ohar bidez, “horien ekarpenekin proposamen bat osatu dugu gure herriko heroiak diren haurrei, modu berezian bada ere, Gabonetako magia, elkartasuna eta itxaropen mezua irisarazteko. Ikaragarria da erakusten ari diren jarrera, elkartasuna eta pazientzia bizi dugun egoera honetan. Lehentasuna dira, eta haien itxaropena eta ilusioa piztuta mantendu behar dugu”.
Udalena aurkeztutako proposamenean hainbat ideia bildu dituzte, “aintzat hartzea espero dugu”. Hala, herriko haur guztien buzoietara Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen mezua duten gutun pertsonalizatuak iristea eskatu dute; “Konfinamenduan erakutsi duten pazientzia, elkartasuna eta konpromisoa aitortu behar zaie, eta Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen hitzetan egitea egokia da”. Gutun azalean hazia txertatzea proposatu du alderdi sozialistak, “itxaropen ikur gisa”.
Bi bideo sortzea ere proposatu du alderdi horrek; Olentzero eta Mari Domingi protagonista dituena batak, eta Errege Magoak besteak. Horiei gutunak helarazteko herriko hainbat espazioetan buzoiak jartzea ere proposatu du, eta zuzenean egin nahi dutenentzat berriz, udalaren web orrian Olentzero, Mari Domingi edota Errege Magoekin hitzordua aurrez egiteko atala sortzea.
Apaingarriei ere erreparatu dio bere proposamenen artean, eta inbertsioak egiteko unea ez dela onartuta, udalak bereak dituen argiak erabil ditzan eskatu du auzoak apaintzeko. Gabonetako kantak eta aurreko urteetako data horietako irudiak bilduko dituen kanala sortzea ere eskatu dute; eta azkenik, herriko ikastetxeekin elkarlanean, kaleak apaintzeko erabiliko diren apaingarri eta afixak sortzea proposatu du.