Enpresa txiki eta autonomoentzako interesik gabeko mikrokredituak
Mikroenpresak, autonomoak, lehen sektoreko autonomoak, elkarte gastronomikoak, Errenteriako merkatu txikietan jarduten diren saltzaileak, eta taxistak dira laguntza horren hartzaileak.
COVID-19ak eragindako pandemia gogor jotzen ari da. Osasunean eragiten ari da, baina ez arlo horretan bakarrik, baita arlo ekonomikoan ere. Errenteria-Oreretako ehun ekonomikoa ere ari da pairatzen osasun larrialdiaren eta haren harira indarrean jarri diren neurrien ondorioak. Kolpatuenak diren sektoreei babesa emateko talka eta suspertze plana onartu zuten aho batez udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek joan den apirilean. 16 neurri biltzen ditu eta banaka ari da udala indarrean jartzen. Une honetan talka planaren garapena oso altua dela azaldu du Aizpea Otaegi alkateak, mikrokredituen finantza gastuak estaltzeko diru laguntza aurkezterakoan.
Neurri horren hartzaileak honakoak: mikroenpresak, autonomoak, lehen sektoreko autonomoak, elkarte gastronomikoak, Errenteriako merkatu txikietan jarduten diren saltzaileak, eta taxistak. Ehun ekonomikoko agenteei likidezia edukitzen laguntzea izan da onartutako neurriaren helburua, eta horretarako, udalak lanketa abiatu zuela esan du Otaegik, “pentsatuz posible zela udala inplikatzea, baita herriko finantza entitate ezberdinak ere, ehun ekonomiko horri laguntzeko”.
Gaur udaletxean aurkeztu dutena, lankidetza horren emaitza da; Otaegirekin batera, Garazi Lopez de Etxezarreta Ogasun zinegotzia, eta Kutxabankeko Ainhoa Ibarburu, Laboral Kutxako Iñigo Araneta, eta BBVAko Moises Alvarez. Rural Kutxaren ordezkariak ezin izan du bertaratu, baina entitate horrek ere egin du bat iniziatibarekin.
Oategik finantza entitate horiek erakutsi duten lankidetzarako prestutasuna eta “akordio baterako elkarbanatutako marko batera iristeko erakutsitako disposizioa” eskertu du.
Elkarlanaren ondorioz, 5.000 euro arteko mikrokredituak lortu ahl izango dituzte aurretik aipatutako sektoreek likidezia faltari aurre egiteko, eta eskatzailearentzat 0 intereseko kreditua izango da lau urtean itzuli beharko duena. Udala izango da banketxeekin adostutako interesak ordainduko dituena; kasu guztietan %2,5eko interes tasa aplikatzea adostu dute.
Dagoeneko eska daitezke, eta urte amaiera arte dago horretarako aukera. Tramitazio erraza izan dadin saiatuko direla ere erantsi du Otaegik, “horretarako inplikatu ditugu banketxe ezberdinak, eskatzaileek beren ohiko banketxearekin egin ahal izateko”.
50.000 euroko inbertsioa
Udalak 50.000 euro bideratuko ditu neurriak sortutakoak estaltzera, eskaera gehiago jasoko balira eskainitako kopurua zabalduko luke udalak; onuradun bakoitzak, gehienez, 300 euro jasoko ditu Urriaren 27tik aurrera eskatutako mikrokredituek eska dezakete laguntza hori, baina pandemiaren testuinguruan, alarma egoera martxoan ezarri zenetik eskatu zirenek ere eskatu ahal izango dute. Mikrokredituak finantza entitateetan eskatu behar dira, eta laguntza, berriz, hemen eska daiteke.
Garazi Lopez de Etxezarretak talka planaren barruan gaur aurkeztu duten neurria une egokian heldu dela esan du, “denbora behar izan dugu banku bakoitzak bere baldintzak dituelako, elkarlan hori bideratzea ez da erraza izan, baina hemen dago, eta kolpe latza jasaten ari diren sektore batzuentzat lagungarri izango dela espero dugu. Finantze erakundeei eskertu nahi diet akordiora iritsi izana”.
50.000 euroko diru poltsa hori udalaren estimazio batetik ondorioztatutako kopurua dela zehaztu du alkateak, “oso zaila da aurrez jakitea zenbat jendek eskatuko duen horrelako laguntza bat; oso zaila da. Estimazio batzuk egin ditugu gure ehun ekonomikoa nolakoa den kontuan hartuta. Halere, tresna hau arrakastatsua balitz eta eskaera gehiago baleude diru kopurua handitzeko prest legoke udala”.
Oro har negozio txikiak dauzkatenei kosta egiten zaiela zorpetzea esan du Otaegik, “hori da jaso duguna, zorpetzea ez da erabaki erraza, maniobrabilidadea txikia delako eta etorkizunari buruzko ikuspegia ere zalantza handia delako ere. Hori nahi dugu erraztu, likidezia eskuratzea, baina konprometitu gabe interes batzuekin; hau da, itzuliko dute utziko dietena”.