Sarerentzat etxeratzeko bidean 'urratsa' da Arrietaren hurbilketa
Arrietari bigarren gradua ezarri diola Espainiako Espetxe Erakundeak jakinarazi du Sare Herritarrak, halaber.
Ziurgabetasun beteko agertokian, «ilusio eta esperantzaz» hartu du Sare Herritarrak Mikel Arrieta gaixotasun larri eta sendaezina duen preso oreretarraren hurbilketa. Algeciraseko Botafuego espetxetik—Euskal Herritik 1.000 kilometrora dago— Soriako espetxera—etxetik 268 kilometrora— lekualdatuko dute Arrieta. Ez dute Euskal Herriratuko, ezta etxeratuko ere, Sarek hori eskatu badu ere, zigorra etxean betetzea: «Mikel [Arrieta] etxetik , familiarengandik eta lagunengandik gertuago izango dugu. Salbuespenezko espetxe politikaren eraginez, presoak berak, familiak eta lagunek pairatzen duten sakabanaketa eta urruntzearekin bukatzeko pausu bat da».
Arrietari bigarren gradua ezarri diola Espainiako Espetxe Erakundeak jakinarazi du Sare Herritarrak, halaber, «beste pausu handi bat etxera bidean, gaitza modu egokian artatu senide eta lagunen babesean eta konfiantzazko medikuaren jarraipena jasoz». Oreretarrak duen gaixotasun larriagatik etxean behar lukeela jada erantsi du Sarek, gainera, larri gaixo dauden gainontzeko euskal preso guztiak bezala.
Arrietaren hurbilketaren antzeko berriek lanean jarraitzera animatzen dituztela erantsi du, eta bide horretan jarraitzeko konpromisoa azaldu: «Herritar oro animatzen dugu bidea egiten jarraitzera kalean, salbuespenezko espetxe politika bertan behera uzten duten arte». Gogoan izan ditu Errenteria-Oreretako Sarek, halaber, herriko gainontzeko preso eta iheslariak, “ezartzen zaien ezohiko erregimena da euskal presoen kopuru handi bati bizi osorako zigor kamuflatuak ezartzea ahalbidetzen duena. Ezinbestekoa da adinekoak edota larri gaixo diren pertsonak berehala aska ditzaten, urruntze politikarekin amaitzea, eta etxeratze prozesua martxan jartzea dakarren gradu progresioa ahalbidetzea”. Konponbiderako ateak zabalduko dituen trantsizio politika aldarrikatu du Sarek.
Lortutako txalotu du Sarek, eta bide horretatik, lanean jarraitzeko eskatu du, “kalean, lantokietan, gure inguruan, elkarbizitza, konponbidea eta bakea lortzeko”.