Euskaraldiko kamioi musikatua jarraitzeko deia egin diete antxotarrei
Euskararen ariketari hasiera emango dion musikadun kamioiarekin bat egiteko 19:00etan geldituko dira antxotarrak Gure Zumardian.
Ostiral honetan (hilak 20) hasiko da 2020ko Euskaraldia, eta ariketa girotzeko musikadun kamioiak zeharkatuko du Pasaia. Antxotarrek ibilgailuaren bidearekin bat egiteko topaketa antolatu dute 19:00etan, Gure Zumardian, ordu horretan pasako baita kamioia herritarrak ondoan hartzeko.
Euskaraldiari hasiera beroa emateko, hitzordua zabaldu nahi izan dute antolatzaileek Antxoko belarriprest eta ahobizi guztien artean: “Irrikitan gaude gure txapa paparrean jantzi eta hamabost egunez euskaraz aritzeko, inoiz baino gehiago, gehiagotan eta gehiagorekin. Elkar gaitezen ahalik eta gehienok ostiral honetan, Euskaraldiaren ikurrak eta banderolak erakutsiz!”.