Tren geltokia hobetzeko lanengatik PSE-EEren esker ona
Errenteriako alderdi sozialista, pozik azaldu da emaitzarekin, eta eskerrak eman dizkio Espainiako Sustapen Ministerioari.
Lezo-Errenteria tren geltokia hobetzeko lanak amaitu berri dituzte, eta horien bidez, irisgarritasuna, mugikortasuna eta nasen egoera hobetu dituzte. Errenteriako alderdi sozialista, pozik azaldu da emaitzarekin, eta eskerrak eman dizkio Espainiako Sustapen Ministerioari. 2018ko irailean trenbide azpiegituren barruko Espainiako Estatuko Aurrekontuetan diru zati bat Lezo-Errenteriako geltokiko irisgarritasuna hobetzeko gordetzeko eskatu ziola azaldu du: “Geltoki horrek, Oarsoaldeko 60.000 bizilagunei ematen die zerbitzua”.
Eskaera hori Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako delegazioaren bidez egin zutela esan du Jose angel Rodriguez Errenteriako PSE-EEko idazkari orokorrak, “irudiak ere gehitu genituen eskaera horretan geltokiaren egoera erakutsi eta zuen urgentzia nabarmentzeko”.
Lanak amaituta, “pozik” daudela emaitzarekin gaineratu du Rodriguezek, “azpiegitura hori hobetzea lehentasuna zen, baita zerbitzu publiko duina eskaintzea. Harro esan dezakegu kalitatezko geltokia dugula, gizarte moderno batek dituen beharretara egokitutakoa”.
