[Galeria] Sahararen alde hartu dituzte plazak
Marokok Mendebaldeko Saharako su etena apurtu duela salatu dute gaur eguerdian Oarsoaldea eskualdeko herrietan.
Marokok Mendebaldeko Saharako su etena apurtu duela salatu dute gaur eguerdian Oarsoaldea eskualdeko herrietan. Donibaneko Herriko Plaza, Errenteria-Oreretako Zumardia edota Oiartzungo Done Eztebe Plaza izan dira protesta horien agertoki. Espainiako zein nazioarteko komunitateari 1991 urtetik atzeratu den autodeterminazio erreferenduma behingoz egitea eskatu dute bildutakoek: “Marokok duela 29 urte gerra amaitu zuten akordio militar zein bake akordioak urratu ditu 2001ean Guerguerateko pasabide ilegala ireki zuenean, eta hilaren 13an saharar zibilek urriaren 21etik itxitako pasabidea berriz irekitzeko tropak mugiarazi zituenean. Lotsaren harresian zehar, liskar armatuak berrekin diren testuinguru honetan, Saharako herriari ematen diogun babesa berresteko unea da, duela 45 urtetik bere lurraldearen okupazioa eta nazioarteko komunitatearen axolagabekeria jasaten ari baita”.
Espainiako Estatuko Gobernuari eskaera zehatza egin diote bildutakoek, “Afrikako kontinenteko azken lurralde ez autonomoa deskolonizatzeko ardura bere gain hartzeko eskatuko diogu, eta MINURSOrekin —Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Erakundearen Misioa— batera zuzendu dezala Saharako autodeterminazio eskubidea aitortzen duen erreferenduma”.
Horrekin batera Nazio Batuen, erreferendumerako bere misioaren eta nazioarteko gainerako komunitatearen ekintza eza agerian utzi dute, “Marokok urte hauetan guztietan egindako Nazioarteko Zuzenbidearen urraketa guztien aurrean, baita Saharako herriak bide baketsuen alde egindako apustu eztabaidaezinaren eta nazioarteko legeriari erakutsitako errespetuaren aurrean agertutako axolagabekeria ere”.
Ondoko argazki galerian azaltzen diren Donibaneko irudiak, Udane Migeltorenarena Tolosarenak dira.