Pasaiak ez du indarkeria matxistarik onartzen
Indarkeria matxistaren aurkako seinaleak inauguratu dituzte Pasaiako Udaleko Berdintasun Saileko zein Berdintasun Mahaiko ordezkariek.
Hilaren 25a Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna dela eta, San Pedron elkartu dira gaur goizean Pasaiako Udaleko Berdintasun Saileko zein Berdintasun Mahaiko ordezkariak, “argi eta ozen adierazteko Pasaiak ez duela indarkeria matxistarik onartzen”.
Herriko lau barrutien sarreretan jarri dute esaldi horrekin seinale bana, Berdintasun Mahaian, herriko emakume eta feministek eginiko eskaria aintzat hartuta.
Arduradunek konpromisoa berretsi dute indarkeria matxistari aurre egin dioten emakumeentzako zerbitzu publikoen eta erakundeen laguntza eta baliabide guztiak mantentzeko: “Emakumeei beren askapen-, berreskuratze-, ahalduntze- eta autonomia-prozesuetan laguntzeko”.
Bukatzeko, mugimendu feministak azaroaren 25erako antolatu dituen mobilizazioekin bat egin eta pasaitar guztiei dei egin diete herriko zenbait taldek aste honetarako antolatutako ekintzetan parte har dezaten.