Antxoko bulebarra sortzeko proiektua bazter ez dezaten bilkura egingo dute
Antxoko Tren Berriaren Plataformak herri batzarra egingo du larunbatean 11:00etan herriko elizan, euren proiektua atzean utziko luketen obrak has ez daitezen lortzeko.
Antxoko Tren Berriaren Plataformako kideek ez dute amore eman denbora guzti honetan, euren ustez, herria biziberrituko lukeen 12 metroko bulebarra lortzeko borrokan. Pasaiako Udalak euren aurreproiektua baztertu eta dagoeneko esleitu du Adifek tren geltokia berritzeko proiektuaren erredakzioa.
Lan horiekin aurrera egitea “urrezko aukera bat galtzea litzateke Antxorentzat”, eta hori galarazteko bizilagunei dei egin nahi izan diete larunbat honetan (hilak 28) herriko elizan 11:00etan egingo duten bilkurarekin bat egin dezaten.
Aurrekariak
Pasa den urteko martxoan jakinarazi zuen Adifek hiru milioi euro inbertituko zituela Pasai Antxoko tren geltokia berritzeko, eta ordutik Eduardo Perez eta Florencio Morok aurreproiektu bat diseinatu eta aurkeztu dute Pasaiako Udalean, Foru Aldundian eta baita Eusko Jaurlaritzan ere.
Proposamen hori bateragarria da Pasaiako Udalbatzak dagoeneko onetsi duenarekin, haiek, geltokia berritzeaz gain, proposatzen dutena honakoa baita: obra guzti horiek lekualdatzea; tren geltokiaren beste aldean erabili gabe dagoen lur eremuan kokatzea geltokia, hala, Nafarroa hiribidea nabarmen zabalduko bailitzateke, errepidea etxeetatik bananduz eta 12 metroko zabalerako bulebarra sortuz.
Gauzak horrela, herriak 13.ooo metro karratu inguru irabaziko lituzke, paseorako zonalde bat sortuz antxotarrentzat. Kideen arabera, pasealeku berriaren sorrera biziberritze ekonomiko garrantzitsua litzateke barrutiarentzat (eta Pasaiarentzat, orobat). Honako erreportaje honetan jaso ditu Hitzak proposamenaren xehetasun guztiak.
Deia antxotarrei
Orain arte kideek emandako pauso garrantzizkoena antxotarrei ideia aurkeztu zienekoa izan zen, 850 lagunetik gora izan baitziren euren eskaera sinatu zutenak. Oraingo honetan, deia egin diete berriz ere herritarrei aurrerapauso bat emateko: larunbat honetan herri batzarra egingo dute Antxoko San Fermin Parrokian, 11:00etan.
Bilkuran segurtasun neurri guztiak bermatuko direla nabarmendu dute, eta bertan hurrengo bi puntuak izango dituzte ardatz:
- Atal informatzailea. Orain arte egindako ibilbidea aurkeztuko dute, baita Pasaiako Udalak onetsi duen proiektua eta euren proposamenaren nondik norakoak ere.
- Eskaera herriari. Udalak aurreikusitako lanak geldiaraztea dute xede. Horretarako, antxotarren babesa behar dute eta bizilagunei galde egingo diete zein pauso eman nahi duten Plataformak proposatutako ideiari jaramon egin diezaion udal gobernuak.