Baserritar jantzien erakusketa ikusgai da Jantziaren Zentroan
Iraultza Dantza taldearen esposiziora sarrera zabalik egongo da bihartik aurrera, doan, larunbatean goiz eta arratsaldez eta jai egunetan goizez bakarrik.
Iraultza Dantza taldearen baserritar jantzien erakusketak asteburuan zabalduko ditu ateak. Duela ehun urte euskal baserritarrek soinean eramaten zuten jantzia ezagutzeko aukera izango du Jantziaren Zentrora hurbiltzen den orok bihartik (hilak 5) urtarrilaren 3ra bitarte.
Kapitain etxearen behe solairuan kokatutako erakusketak aretoko bi paretak hartzen ditu. Orotara hamabi jantzi dira, hamar emakumezkoenak eta bi gizonezkoenak. Guztiak XIX. mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako jantzi originalen zein argazkietan oinarritutako erreprodukzioak dira.
Jantziekin batera erakusketan argazki zaharrak daude. Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853-Bilbo 1943) argazkilari bilbotarrak duela ehun urte baino gehiago Euskal Herriko baserritarrei ateratako irudiak dira gehientsuenak.
Erakusketarako sarrera doakoa da, eta asteburu nahiz jai egunetan egongo da zabalik, larunbatetan 11:00-14:00/17:00-20:00etara eta igande eta jai egunetan 12:00-14:00etara.
San Tomas egunean (hilak 25), urtarrilaren 1ean eta 6ean Jantziaren Zentroa itxita egongo da.