'Muga ikus (ezinak)' lehen lerrora ekarriko dituzte Giza Eskubideen Jardunaldiek
Gaur aurkeztu dituzte Giza Eskubideen Jardunaldiak, hilaren 9tik 19 egingo dituzte Errenteriako Udalak eta hainbat eragilek antolatuta.
Begi bistakoak dira batzuk, agerikoak, baina beste asko eta asko ikusezin dira; hala ere, guztiak dira muga, eta guztiek oztopatzen dute norbaiten joan etorria askatasunez egiteko eskubidea. Gaur aurkeztu dituzte Giza Eskubideen Jardunaldiak, hilaren 9tik 19 egingo dituzte Errenteriako Udalak eta hainbat eragilek antolatuta. Aurkezpena, Agirre Lehendakariaren plazan egin dute, Migrantea eskulturaren aurrean. Jose Ramon Gurrutxaga Kultur Aniztasuna azpisaileko zinegotziak leloaren gaineko azalpenak eman ditu, “uste dugu fronte askok bat egiten dutela lelo horrekin, Lesbosen, Kanaria Uharteetan, Mediterraneoan, Saharan gertatzen ari dena lehen lerrora ekarri izan nahi dugu, protagonismoa eman jardunaldi hauetan”.
Eskerrak eman dizkie Gurrutxagak, jardunaldietan parte hartuko duten eragile guztiei, “horiek gabe ezinezkoa litzateke programa egitea”.
Antzerkia, film emanaldiak, hitzaldiak, erakusketa eta agerraldia egin duten puntuan dagoen eskulturaren inguruan ekitaldia antolatu dituzte jardunaldien barruan. Parte hartu duten eragileak berriz, honakoak: Ongi etorri Errefuxiatuak plataforma, Koldo Mitxelena Institutuko ikasle talde bat, Emaus, Caminando Fronteras, Zaporeak, Salvamento Maritimo, Oscar Manso, Idoia Hernandez Hatxe eta Sahara Euskadi elkartea.
Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, baina beharrezkoa izango da gonbidapena eskuratzea. Horretarako bi bide daude: online, edota Niessen Kulturguneko leihatilan.
Antolatzaileek herritar guztiak parte hartzera deitu dituzte, “izan daitezela herritar guztiak giza eskubideen aldeko aktibista”.
Egitaraua
- Hilak 9, asteazkena: Los caminos de la vida antzezlana, gaztelaniaz. Arteako migratzaile/errefuxiatu etxean bizi diren jatorri ezberdinetako hiru emakumeek euren bizi istorioak lehen pertsonan kontatuko dituzte. Ongi Etorri errefuxiatuak plataformaren parte hartzea izango da antzezlanaren osteko solasaldian. 18:30ean Niessen auditorioan.
- Hilak 10, osteguna: Film laburren emanaldia, euskaraz. Emaus Gizarte Fundazioak eta Koldo Mitxelena Institutuko gazte talde batek etxerik gabeko pertsonen egoerari buruzko sentsibilizazio prozesu batean parte hartu osteko istorioak baliatuta hiru film labur sortu dituzte. 10:00etatik 11:00etara, Koldo Mitxelena institutuan.
- Hilak 10, osteguna: Mugan goiburuarekin hitzaldia Niessen auditorioan, 18:30ean. Montse Snachezek, Caminando Fronteras elkarteko kideak La vida en la Necrofronteras txostena aurkeztuko du; Mohcen Hammanek Algecirasetik helduko da egungo pandemia egoera, sentsibilizaziorako Tangerren egiten ari diren proiektua edota harrera politikak aztertuko ditu; Zaporeak eta Salvamento Martimo taldeko kide banak, berriz, mugetan diharduten proiektuak azaldu eta egungo egoeraren berri emango dute.
- Hilak 11, ostirala: Hamada filma. Saharako basamortu harritsuaren erdian kokatutako errefuxiatu kanpamentu baten bizi den gazte talde baten erretratu ohiz kanpokoa egin du Eloy Dominguez Seren zuzendariak. Filamren ostean solsaldia, Sahara Euskadiko M. Liman Mohamed Ali ordezkariarekin. Niessen kulturgunean 18:30ean.
- Hilak 12, larunbata: Harresirik gabeko lurrak eta urak. Agirre Lehendakariaren plazan kokatutako Migrantea eskulturari plaka bat eta argiteria jarriko dizkiote. Plakan olerkia jarriko dute, Oscar Mansok sortu eta Idoia Hernandez Hatxek konposizio bat sortu du. “B taldeko kide diren heinean musika eta olerkiaren bidez giza eskubideen aldeko memoria eta aitortza girotuko dute. Eskultura Alvaro Ledesmarena da. Ekitaldi hau eragileei zuzendua eta gonbidapenarekin izango da edukiera kontuak direla-eta.
- Hilaren 9tik 19ra: Zutik hautsaren eta hondarraren artean erakusketa. Nuria Gonzalezek ateratako argazkiek Mendebaldeko Saharan giza eskubideen defentsan borrokan ari diren pertsonak banaka, antolaketan edo komunitatean erakusten dituzte. Saharako gazteek giza eskubideen urraketa sistematikoa eta anitza jasaten dute, eta nazioarteak ez du erantzuten urraketa horren aurrean. Erakusketaren bidez, Saharar belaunaldi berri bat giza eskubideen defentsarako prestatzen erakutsiko dute; kanpalekuetan bizi dira eta politikoki prestatzen ari dira Saharako herriaren borroka jarraitzeko. Xenpelar Etxean 18:30ean.