'nikErrenterian', tokiko merkataritzaren erakusleiho digitala martxan da
Hausnarketa abiatu eta proiektu berria martxan jarri du Errenkoalde Errenteriako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen elkarteak. Emaitza, nikErrenterian erakusleiho digitala.
Marka da, baino batez ere gertutasuna, goxotasuna, konfiantza. Tokiko komertzioak, saltoki handiek bezeroari ematen ez dioten hurbiltasuna eskaintzen dio. Ez dira, baina, garai onak herrietako saltoki txiki horientzat, eta berrasmatzea, hausnartu eta garai, erosketa eredu, eta eskaera berrietara moldatzea ezinbestekoa dute bizirik jarraitzeko.
Horren jakitun, hausnarketa abiatu eta proiektu berria martxan jarri du Errenkoalde Errenteriako Merkataritza, Ostalaritza eta Zerbitzuen elkarteak. Emaitza, nikErrenterian erakusleiho digitala. gaur goizean bertan jarri dute martxan herriko saltoki txikietan erosketak online egiteko aukera eskainiko duen ataria. Argi azaldu du Maika Martin Heras Errenkoaldeko presidenteak, “ez da denda fisikoak ordezkatzeko proiektua, egungo tokiko komertzioari gainbalio bat eranstea helburu duen proiektua baizik. Gazteek batez ere, gero eta gehiago jotzen dute online erosketak egitera, eta hutsunea genuen tokiko saltokiek publiko horren artean. Haiengana heldu nahi dugu, baita beste bezeroengana ere, eta erakutsi Errenterian behar duten guztia dutela kanpora atera beharrik gabe, eta bertako komertzio txikian ere, online erosteko aukera dutela”.
Hori guztia, gainera, tokiko komertzioak dituen gainbalioak galdu gabe egingo dute digitalean ere, arreta, kalitatea, hurbiltasuna bermatuta.
Ilusio handiarekin abiatu dutela proiektua esan du presidenteak, “jendeak ongi har dezala espero dugu, erabili dezala”. Une honetan 30 saltokik egin dute bat erakusleiho digitalarekin, eta hasiera batean Errenkoalderen bazkideei begirakoa bada ere, etorkizunean Errenteria-Oreretako tokiko merkataritza saltoki guztiek aukera izan dezaten bertan agertzeko ateak zabalik ditu elkarteak.
Produktu zehatza behar duten herritarrak, plataforma digital horren bidez, herriko zein saltokitan topatu dezaketen jakin ahal dute, “bezeroari erraztasunak emango dizkiogu, eta gainera etxean jasotzeko aukera ere izango dute”. Etxean jasotzea, baina, modu irisgarrian izango da. Azken hori balioan jartzeko beste osagaietako bat da. Ez dute zehaztasun gehiagorik eman, Errenkoalde udalarekin elkarlanean ari delako banaketa sistema iraunkor hori nolakoa izango den zehazteko, baina datorren astean emango dute horren berri zehatza azaldu dutenez.
Gorka Goikoetxea Ikertalde enpresako kidea izan du bidelagun Errenkoaldek hausnarketa prozesuan eta erakusleiho digitalaren sorreran. Errenteriaren erakusleiho digitala dela martxan jarri duten proiektu berria esan du Goikoetxeak, “Errenteriaren izaera mantendu nahi da, gertutasuna, arreta digitalera eraman”. Erosketa errazteko, baita herrian produktuak non aurki daitezken jakiteko laguntzaile birtualaren figura sortuko dutela azaldu du.
Erakusleiho digitalean produktuak erosteko prozedura honakoa: Produktua aukeratuta, whatsapp bidez erreserba egin behar du bezeroak. Erreserba hori konfirmatuta, 24 orduko epean egin beharko du ordainketa. hori eginda, etxean jaso nahi duen edo dendara joango den bila zehaztu beharko du.
Ideia bera nabarmendu du Goikoetxeak, “Errenterian dena dago, ez da inora joan behar”. nikErrenterian erakusleiho digitala proiektu bizia dela esan du, “moldatzen joango gara, egokitzen beharren arabera”.
Herritarrei eskaera zuzena egin diete gaurko agerraldian: dendan bertan edo online, baina tokiko saltokietan erostea. Hori da tokiko merkataritza bizirik mantentzeko modua, baina baita herria eta auzoak bizirik mantentzeko era ere.