Bi atxilotu Lezoko etxebizitza batean lapurreta egiteagatik
Etxebizitzan lapurreta egiteaz gain, bertan bizi dena mehatxupean kutxazain automatiko batera eraman zuten, dirua aterarazteko.
Ertzaintzak 20 urteko bi gazte atxilotu zituen Donostian eta Irunen ostegunean. Urriaren 27an Lezoko etxebizitza batean egindako lapurreta bategatik atxilotu zituzten. Lapurreta egiteaz gain, etxebizitza horretan bizi zena bere borondatearen kontra atxiki zuten. Atxilotuetako bat espetxera bidali dute —aurrekariak zituen«—, eta bestea karguekin aske gelditu da, lapurreta jasan zuen lezoarrarengandik urruntze agindua ezarrita.
Segurtasun Sailak xehetasunak eman ditu. Urriaren 27an bi atxilotuak Lezoko etxebizitza batera joan, atea jo, eta bakarrik zegoen adin ertaineko gizonak atea ireki zuenean, bortxaz sartu ziren etxebizitzara. Arma zuri batekin mehatxatu zuten lezoarra. Atxilotuak etxean izan ziren bitartean, dirua, sakelako bi telefono eta bi banketxeko txartelak lapurtu zituzten, etxe osoa miatu ondoren. Ondoren, lapurrek biktima mehatxupean kutxazain automatiko batera eraman zuten, eta 600 euro ateratzera behartu zuten.
Urriaren 27an izandako lapurreta ikertzen hasi zen Ertzaintza salaketa jaso bezain pronto. Ostegunera arte ez dituzte atxilotu lapurretaren ustezko egileak.