[Galeria] Agur Euskaraldiari
Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egindako ekitaldiarekin esan zioten atzo agur pasaitarrek 2020ko Euskaraldiari.
Atzo bukatu zen 2020ko Euskaraldia, bigarrenez egin den euskararen erabilera indartzeko ariketa kolektiboa. Pasaian hamarnaka izan dira iniziatibarekin bat egin duten entitateak, euren barruan ariguneak sortuz. Gainera, 1.733 izan dira ahobizi edo belarriprest txapa soinean eraman dutenak azken hamabost egunetan, Pasaiako populuaren %11 inguru. Bada hori dena ospatzeko, bukaerako ekitaldia egin zuten atzo (ostirala) Donibaneko Juanba Berasategi auditorioan.
Hainbat bideo proiektatu zituzten aretoko pantaila erraldoian: entitateenak, Euskaraldia bitartean hainbat pasaitarrei izan dituzten bizipenenak, edo Pasaiako Euskaraldiaren kantarenak askotariko dantza eta guzti. Zuzenean ere testigantzarik eman zuenik izan zen. Antton Cuadradok eta Eider Perezek gidatu zuten saioa.
Pello Jauregi antxotarrak, besteak beste Euskaraldiaren zutabeen ideologo nagusienetakoak, ez zuen hizketaldia emateko aukera galdu, eta Edurne Urkiolari egokitu zitzaion Euskaraldiaren manifestuaren irakurraldia, Euskaraldiaren Herri Batzordeko kide izan den heinean.
Talde argazkirik ez zen falta izan.