Portuko kalteen aurrean jarraitu beharreko protokoloaren berri eman dute
Edozein kexa bideratzea garrantzitsua dela esan dute Lezoko Badian Bizi taldekoek. Lezoko sotoetan informazio orriak jarri dituzte.
Lezoko Badian Bizi taldeak, portuan gerta daitezkeen kalte eta arrisku egoeren aurrean zer egin behar duten azaldu die herritarrei. Trenaren zarata, kutsadura akustikoa, kutsadura atmosferikoa, isurketak, kiratsa (taladrinaren usaina), suteak, toldorik gabeko kamioien joan-etorriak, kamioiek garraiatzen duten merkantzia bidean galtzea, edo herritarren atseden ordutegia haustea (gauetan, jaiegunetan) aipatu dituzte taldekoek gerta daitezkeen kalte bezala. Informazio hori ematen duten orriak jarri dituzte herriko sotoetan.
Horiek gertatzen direnean, Lezoko Udalaren honako telefonoetara deitzeko esan dute: 943 52 40 03 edo 629 43 48 47. Posta elektroniko bidez ere eskaera eta kexak helarazi daitezkeela adierazi dute. Deiak 22:00etatik aurrera egin behar badira, 112ra deitzeko eskatu du Lezoko Badian Bizik.
Taldekideen ustez herritarren kexak erregistratua gelditzea garrantzitsua da. Horien berri ematen denean, gainera, ahalik eta datu gehien ematea komenigarria dela azaldu dute: eguna, ordua, tokia, argiak, deskarga mota, itsasontziaren izena, kamioien matrikulak… Argazkiak ateratzea egoki izan daitekeela zehaztu dute.