EH Bilduk aurkako bozka emango dio "anbizio gutxiko" aurrekontuari
Oposizioko alderdiak ez du bat egin PSE-EEk eta EAJk 2021erako aurkeztutako aurrekontu proposamenarekin: "Ez du jende zaurgarria erdigunean jartzen".
Larunbatean egindako batzarraren ostean, EH Bilduren oinarriak PSE-EEk eta EAJk 2021erako aurkeztutako aurrekontu proposamenaren aurka bozkatzea erabaki du. Azken asteetan emandako aurrerapausoak nahikoak ez direla iritzi dute.
EH Bilduk, funtsean, lau ardatzen gainean lan egitea proposatu du:
- Pasaiako ostalaritza, merkataritza eta txikizkako zerbitzuetarako talka plana.
- Kultura, elkarte eta kirol jarduerari eustea eta jarduera hori areagotzea.
- Gizarte bizitza suspertzeko etxebizitzaren udal plan bat abian jartzea.
- Bizikidetza eta segurtasun plan bat gauzatzea, herrian izan diren bizikidetza arazoei erantzuteko.
Proposamen horiek aurrekontuan kontuan hartu ez direla uste dute, eta, beraz, taldeak ez du adostasunerako punturik aurkitu. Gainera, ezinbestekotzat jo dute ahots bakarra, fronte komuna, alegia, egituratzea Pasaiaren etorkizuna erabakiko duten erakundeen aurrean (Portua, Eusko Jaurlaritza, Aldundia…): “Uste dugu badela garaia siglak alde batera utzi eta batera lan egiteko, herri gisa”.
Laburbilduz, Pasaiako EH Bilduk uste du ez dela ahalegin guztia egin 2021erako proposatzen diren kontuetan: “Anbizio gutxi duen aurrekontu baten aurrean gaude, eta, gure ikuspuntutik, ez du jende zaurgarria erdigunean jartzen”.