Kaleari aterpe, zaurgarrienei aukera bat emateko
Belabaratz aterpearen ateak zabaldu ditu berriro udalak, kale egoera bizi duten pertsonentzat. Egoera hori bizi dutenei ezin diola bizkar eman esan du udalak, eta baliabide egokiak eskaini ahal izateko, ezinbestekoa jo du erakunde arteko elkarlana, "gure ustez, handiagoa izan behar duena".
Zuhaitzez eta belarrez inguratuta, eremu lasai eta bizigarrian dago kokatuta Belabaratz aterpea. Bestelako beharrei erantzuteko sortua, kale egoera bizi dutenei sabai bat eskaintzeko egokitu du Errenteriako Udalak. Gaztelutxoko aterpetxean zeuden pertsonak eta kalean bizi diren beste batzuk izango dira Zamalbiden kokatutako aterpetxe horretan, edukiera askoz ere zabalagoa duelako.
Belabaratz aterpetxearen kanpoaldean agerraldia egin dute Aizpea Otaegi alkateak eta Eñaut Gracia Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, zehaztapen guztiak emateko. COVID-19aren krisia larria izaten ari dela eta herritar guztiei eragiten ari zaiola nabarmendu du Otaegik, “kalean bizi diren pertsonak ez dira krisi honetatik kanpo geratzen ari”. Horren harira, kale egoera bizi duten pertsonei erantzuteko baliabideak dituzten udalerri guztiek plazak murriztu dituztela azaldu du, logeletako distantziak bermatzeko eta kutsatzeko aukera minimizatzeko. Era berean, txandakatze plazak kendu dira. Egoera horrek udalerri guztietan eragin du kalean bizi diren pertsonen presentzia nabarmen handitzea.
Errealitate hori abiapuntutzat hartuta, kalean bi talde aritu direla lanean azaldu du alkateak: “lehena, kaleko bi hezitzaile udaleko gizarte langileen laguntzarekin osatutakoa izan da; bigarrena, diziplina anitzeko talde batek osatua, psikologoa, medikua eta Eusko Jaurlaritzaren proiektu bateko gizarte langile batek osatua. Bigarren talde hori ere, udaleko gizarte langileekin koordinatuta jardun du. Kalean bizi diren pertsonekin egindako lana intentsifikatu nahi izanaren ondorio izan da lanketa hori.
Kale gorria, gorriago bilakatzen da negu bueltan tenperatura jaitsierarekin. Udalak martxan duen hotzaren protokoloaren arabera, zortzi gradutik beherako tenperaturekin aterpea eskaini behar die etxe gabekoei hotzari aurre egin ahal izateko. Helburu horrekin zabalik dago jada Belabaratz, eta hala izango da, gutxienez, martxoaren 31 arte. Baliabidearen garapena baloratuko da orduan, baita kontutan hartuko ere, osasun krisiaren egoera une horretan.
Belabaratzek 29 plaza dauzka, lau espazioetan banatuta—Gaztelutxok egun hamalau plaza —; espazio batek hamabi lagunentzako aukera ematen duela azaldu du Otaegik, “Gaztelutxon egun daudenak hartuko ditu eremu horrek. Badago beste espazio zabal bat aukera emango digunak kale egoeran dauden pertsonak aterpea izan dezaten, eta badaude beste bi gela txikiagoak, espezifikoki emakumeentzat erabiliko direnak”.
Belabaratzek Gaztelutxoko aterpeak baino espazio handiagoa eskaintzeaz gain kale egoera bizi duten pertsonei erantzuteko eta babesgune bat eskaintzeko, bestelako abantaila ere baduela esan du Otaegik, “gizarte langileek zein Emausek baloratu dute Belabaratzek interbentziorako testuinguru egokiagoa eskaintzen duela zabalagoa izateaz gain, lasaiagoa ere badelako, eta eguna bertan pasatzeko aukera ere ematen duelako. Esku hartze hobeagoa egiteko aukera izatea espero dugu beraz, baita esku hartzeek emaitza hobeagoa izatea pertsona hauen birgizarteratzeari begira”.
Zalantzarik ez du alkateak, Belabaratzekin ekipamendu kalitate hobeagoa eskaintzen ari da udala. Nabarmendu egin du horietako bakoitzaren atzean historia bat dagoela, “oso perfila konplexuei buruz ari gara, etxe gabeak diren pertsonen errealitateak oso anitzak dira, esku hartzeko baliabide asko beharrezkoak dira eta puntu horretan nabarmendu nahiko nuke oso garrantzitsua dela esparru horretan lan egiteko erakunde arteko lankidetza. Azkenean etxerik gabekoen errealitatea bakoitzak bere herrian bizi du. Errealitate horri erantzun egin behar diogu, ezin dugu bizkar emanda bizi, baina egia da udal baten baliabideetatik horrelako errekurtsoak martxan jartzea sekulako ahalegina dela, hain zuzen horregatik, pertsona hauen perfilak oso konplexuak direlako, eskatzen dutelako diziplinartekotasun handia eta prozesu hauen birgizarteratzeak ere ez direlako batera linealak”.
Ideia horretan sakondu du udalak, ahalegina egiten dutela garbi dutelako pertsona horiek ezin dutela kale egoeran egon, baina nabarmenduta ezinbestekoa dela instituzio arteko elkarlana. Elkarlan hori badagoen galdetuta, izan badela esan du,baina handiagoa izatea behar dutela erantsi.
22 lagun aterpetxean, sei emakume
Kale egoera bizi duten 22 lagun dira une honetan Belabaratz aterpetxean. Horietatik sei dira emakumeak. Aterpetxeak, Otaegik azaldu duenez, oraintxe bertan Errenteria-Oreretan kale egoeran bizi diren pertsonen beharrak asetzeko adina espazio du; hala ere, aldakorra da kalean bizi direnen pertsonen joan etorria, herriz herri ibiltzen direlako, “momentuz behintzat Errenterian kale egoeran bizi diren pertsonei erantzuteko adina espazio badugu aterpetxean”.
Bertan direnik ez dute epe mugarik, errotazioak ekidin nahi dituelako udalak pandemia egoera honetan arriskua minimizatzeko, baina ez horregatik bakarrik; interbentzio luzeagoa egiteko, pertsona horiek kale egoeratik irteteko baliabideak emateko denbora behar dutelako, esku hartze luzeago bat.
Haizea Saez Urbieta gizarte langilea da aterpetxean eta Leire Alvarez Igiñiz Emauseko langilea. Biak ari dira esku hartzen Belabaratzeko aterpetxean dauden etxe gabeekin. Hiru egun daramatela bertan eta zaila dela balorazio bat egiten azaldu du Saezek, “leku gehiago dugu orain eta arreta handitu egin dugu, interbentzio aldetik presentzialki profesional gehiago ari gara lanean beraiekin”. Une honetan, gizarte langile bat bi begirale bata goizez eta beste a arratsaldez, integratzaile bat aktibitateak dinamizatzen, garbitzaile bat eta zaindari bat ari dira.
Oraintxe bertan bi helburu dituzte, prozesuan dauden pertsonekin lanean jarraitzea, eta hotzaren protokoloaren barruan aterpetxera jo duten etxe gabekoak prozesuetara gerturatzen saiatzea.
Pasa den martxoan, pandemiak eragindako konfinamenduan kale egoera bizi zuten pertsonekin hasitako prozesuen gaineko balorazioa eskatuta positiboa zian dela esan du Alvarezek, “prozesua hasi zuten gehienek, eta jarraitzen dute egun”.
Pertsonak erdigunean jartzeko apustu irmoa egina du udalak, eta gai honetan ere, argi utzi du, ezinbestekoa dela kale egoera bizi duten pertsonei egoera hori iraultzeko, eta gutxien-gutxienez, babesa emateko neurriak hartzea, eta lan hori ahalik eta egokien egiteko, behar-beharrezkoa, erakundeen arteko elkarlan handiagoa.