Tokiko merkataritzan euskararen erabilera sustatzeko kanpaina abian da
“Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean, lehen hitza euskaraz egiteko gai direnei zuzendutako kanpaina jarri du martxan Jaurlaritzak.
Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak merkataritzan euskara sustatzeko 2020ko neguan kanpaina bat jarri du abian, “Betikoa. Gertukoa. Eskatu euskaraz, eskaini euskaraz” lelopean. Lehen hitza euskaraz egiteko gai diren kontsumitzaileei zuzendutako iniziatiba da, merkataritza sektorean euskararen erabilera bultzatzeko helburuarekin.
Kanpainaren lelo orokorra salerosketan izaten den harremanarekin lotu da. Izan ere, “jarri betikoa” da denda edo taberna batean konfiantza handiena ematen duen esaldia. Hala, euskara egunerokotasunean erabiltzeko hizkuntza gisa eta konfiantza sortzeko bide moduan aurkezten du kanpainak.
Spotaren zabalkundea osatzeko, kanpaina digitala abiatuko da. “Zer da betikoa zuretzat?” galdera hainbat kontsumitzaile eta establezimenduko saltzaileri egin zaie, spot-ean islatzen den fikzioa errealitatera ekartzeko. Bizipenak jasoko dituzten argazki horiek spot-arekin batera webgunean jasoko dira.
Abenduaren 15ean emango zaio kanpainari hasiera prentsaurreko batekin eta urtarrilaren 22ra arte iraungo du.