2021ean, Lezo-Jaizkibel lasterketarik ez
Egoera epidemiologikoagatik mendiko lasterketa bertan behera uztea erabaki du antolakuntza taldeak. 2022ko ediziora begira jarri dira.
Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketaren antolakuntza taldeak gaur jakinarazi du: 2021ean, ez da Lezo-Jaizkibel mendiko lasterketarik izango, COVID-19ak sortutako egoera epidemiologikoagatik. Hala azaldu dute antolatzaileek sare sozialen bidez zabaldu duten oharrean.
Aurtengo edizioa otsailaren 16an izan zen, Oarso Bidasoan egin den azkeneko mendi lasterketa izanik COVID-19a dela eta. 2021koa data horien inguruan izango zen. Klasikoa izaten zen urteko lehen eguneko lehen segundoan zabaltzea izen ematea, eta dortsal guztiak ordu gutxian bukatzea. Aurten ez da hala izango.
Antolatzaileek oharrean adierazi dute 2022an “gogoz eta osasunez betiko lasterketa ederra” antolatzeko desioa dutela: “Bitartean, segi mendiaz eta kirolaz, bakoitzak bere eran gozatzen”.