Ostalarien lana babestu eta aitortzeko kanpaina abiatu du Bizi Errenteriak
Errenteriako ostalaritza eta ostalarien lanaren garrantzia gogora ekartzearekin batera, elkartasuna eta babesa adierazi nahi dei Bizi Errenteriak, eta hori bera eskatu die herritarrei, zaindu dezatela ostalaritza, zaindu ditzatela ostalariak, baita komunitatea ere pandemiaren testuinguru zailean.
Ostalarien lana balioan jartzeko kanpaina aurkeztu du gaur Bizi Errenteria programak. Errenteriako ostalaritza eta ostalarien lanaren garrantzia gogora ekartzearekin batera, elkartasuna eta babesa adierazi die, eta hori bera eskatu die herritarrei, zaindu dezatela ostalaritza, zaindu ditzatela ostalariak, baita komunitatea ere pandemiaren testuinguru zailean. Kanpainaren bihotza, ostalarien egungo testigantzak jaso dituen bideoa.
Aizpea Otaegi alkateak, Javi Garcia Manuel garagardotegiko ostalariak eta Itsaso Garayar Lekuzarrako ostalariak egin dute agerraldia kanpaina aurkezteko. Garcia eta Garayar, Ostari elkarteko kideak dira. Agertokia, ezin zuen bestela izan, ostalaritza establezimendu bat izan da, Manuel Garagardotegia. Azken hilabeteetako tabernariei lotutako notiziak batez ere itxierekin, irekierekin, irekitzeko baldintzekin lotuta egon dira, hala esan du alkateak, eta nabarmendu tabernak itxi eta irekitzea, eta zein baldintzetan egin ez dela udalaren eskumena, “baina udal gisa ostalarien ondoan egoten saiatu gara, ahalim eta ondoen ezagutzeko zein den beraien errealitatea eta beraien beharrak”. Horren harira, balioan jarri du Otaegik udala eta ostalarien artetik lehen alarma ezarri zenetik izan duten lankidetza eta harreman estua, “guretzat, behintzat oso baliagarria izan da, uste dut gauza asko egin ditugula eskutik ostalaritzak eta udalak, eta hori izan dela oso interesgarria”.
Garai zailak egokitu zaizkiela ostalariei nabarmendu nahi izan du gaurko agerraldian, sektore ekonomiko asko izaten ari dira kaltetuak pandemiaren kudeaketarako hartzen ari diren neurriekin, baina ostalaritzarena bereziki kaltetua izaten ari dela ostalaritza, “ez soilik itxi behar izan dutelako, baizik eta lanerako egokitu zaizkien, eta aldiro aldatzen ari diren arauak asko zailtzen duelako ostalarien lana, ohiko ostalariaren lanari beste batzuk gehitu zaizkiolako eta estigma puntu bat ere jarri delako haien gain”.
Eredugarria. Halakoa izan dela Errenteria-Oreretako ostalariek egin duten lana esan du alkateak, eta harro dagoela udala, “bai ostalariekin eraiki dugun lankidetzarekin eta bai ostalariek hilabete luze hauetan eduki duten jarrerarekin”. Zentzu horretan deia egin die Otaegik herritarrei, “zaindu ditzagun ostalariak, zaindu dezagun komunitatea tabernetan gaudenean kutsadura gehiago ez daitezen eta lagun diezaiegula baita tabernariei beren lana egiten oso testuinguru zailean ari direlako”.
Kaltetuen izan diren sektore ekonomikoen ondoan, eta bereziki, ostalarien ondoan izateko tresna garrantzitsu bat talka plana izan dela aipatu du bestalde, “Bizi Errenteria bezalako dinamika bat oso lotuta dago ostalaritzarekin, bonoen kanpainak ere eragin nahi zuen merkataritzan eta ostalaritzan, baina bigarren itxierarekin, bigarren diru laguntza lerro bat jarri genuen martxan, zuzena, ostalarientzako eta datu gisa esan nahiko nuke egindako eskeren %70 jaso duela diru laguntza. 1.500 eta 2.050 euro arteko diru laguntzak dira horiek”. Horrek pozten dituela nabarmendu du, udal gisa ¡garrantzitsua zelako bearientzat diru laguntza horiek lehenbailehen iristea behar zutenei.
Esker ona
Esker ona azaldu dio udalari Garciak ostalarien izenean, beraien aldeko kanpaina prestatzeagatik. Babestuak sentitzen direla udalaren aldetik nabarmendu du ostalariak, “eta hori guretzat oso garrantzitsua da”. Egoera benetan zaila izaten ari dela ostalarientzat nabarmendu du Ostariko kideak, “egunero aurrera egiteko motibatzea benetan zaila izaten ari da, denbora luzea daramagulako egoera honi aurre egiten. Baina jakin badakigu aguantatu behar dugula, jarraitu behar dugula, eta batu egin behar dugula, irtenbidearen parte bat gehiago izan behar eta nahi dugulako”.
Bizi Errenteriak abiatu duen kanpaina, “ilusio eta batasun ufada” dela esan du, “herrira hurbiltzen gaituelako, mapan kokatu duelako ostalaritza eta bizi duen egoera. Horrek guztiak, fokoa zerbait positiboan jartzen lagunduko gaitu, gauden ezkortasun itsaso honetan, eta tunelaren amaieran argi izpi bat ikusten uzten digu, batez ere, bidea bakarrik egiten ari ez garela erakutsi digulako”.
Tabernak eta jatetxeak espazio seguruak izan daitezen neurriak hartuko dituztela nabarmendu Garciak, bestalde, eta herritarrak kanpainarekin bat egitera deitu ditu, “herria gara eta herria egin nahi dugu. Zailtasunak zailtasun, kanpaina honek estigma kentzen lagunduko digu, eta gu hemen gaude herritarrak zerbitzatzeko, kozinatzeko, une magikoak eta gozatzeko espazioak eskaintzeko”.
Kanpainaren leloa, honakoa: Ostalaria naiz. Errenteriarra naiz. Errenteria bizi dut, eta kanpainaren leloarekin lau kartel egin dituzte, bakoitzean ostalari batek du protagonismoa, Aker Kafeko David Muñoz Mnedeku, Iratxo tabernako Amagoia Sarasti; Benito tabernako Nacho Simon, eta Lekuzarreko Itsaso Garayar.