[Elkarrizketa] «Migrazioa erraztu behar da, giza eskubideak errespetatzeko»
Migrazioak ezinbesteko papera jokatu du Errenteriaren historian. Hamaika kultura, hizkuntza eta koloreren topagune bilakatu da; aldaketak, gelditzeko heldu dira, baita herria aberasteko ere.
SOS Arrazakeriak zenbat denbora darama lanean Errenterian?
Gerar Carrere: Egoitza duela zazpi urte zabaldu genuen, eta eguneroko funtzionamendua egiten sei urte beteko ditugu. Hala ere, 2008-2009an hasi genuen bidea herrian. Iztietan lehenengo manifestazioak egin zituztenean sortu genuen taldea. Munduko Arrozak egiten hasi ginen orduan, eta Iztietan bertan lehenengo ekitaldiak.
Zein da migranteen errealitatea? Etorkizun hobeago baten bila abiatzen dira, baina zer aurkitzen dute?
Carrere: Errenteriako populazioaren %8a da atzerritarra gutxi gorabehera, eta herritartasuna lortu dutenak kenduta, %6 inguru. Errealitatea, oro har, bizitza normalizatuta duen pertsonena da, eta beren migrante izaerarekin zerikusia duten zailtasunak dituzte oro har. Zehaztasunetan sartuta, nabarmendu behar da, langabeziak batez ere, migratzaileei eragiten diela. Ez hori bakarrik. Paperak lortzeko dituzten zailtasun guztiak, etxebizitza lortzekoetara gehitu behar dira; pisua alokatzea ikaragarri zaila dute, eta askotan baldintza oso prekarioetan bizitzen dira gela ikaragarri garestietan, bertan erroldatzeko aukerarik gabe.
Tatiana Bellorin: Alokatzeko garaian badira jabeak esaten dutenak ez dietela marokoarrei, kolonbiarrei, Honduraskoei alokatu nahi… Non sartu behar dira? Gainera, alokairuan sartzeko dirutza ordaindu behar duzu hasieran, 4.000-5.000 euro, eta ez dute diru hori.
Carrere: Jatorri batzuetako migratzaileek, gainera, zailtasun handiagoak dituzte, magrebiarren kasua da hori. Gazteen gaia, taldeetan datozena, eta ikastetxean integratzeko arazoa dutenena ere hor dago; araudiarekin zerikusia dute batetik zailtasun horiek, eta jendartean sufritzen duten diskriminazioarekin, bestetik. Hala ere, nabarmenduko nuke gizartea abegikorra dela, migranteen egungo arazoak, beste edozein bertako pertsonarenak dira eta ez dago gatazka handirik, nitxo zehatzak badaude ere, gazte magrebiarrena kasu. Beraietako asko oso egoera konplexuan daude eta sektore atzerakoienen jomuga dira.
Errenteria, errenteriarrak, arrazistak dira?
Carrere: Ez dut uste Errenteriako jendea arrazista denik; jende batek, jarrera arrazistak izan ditzake. Heziketa prozesu bat egin behar da. Gertakari zehatz eta puntualak gertatzen direnean, beldurrak, ezjakintasunak eta pertsona batzuen manipulazioak eragindakoak dira jarrera horiek. Egia da, ordea, etxebizitza alokatzeko garaian, edota kontratatzeko garaian, aurreiritziak gailentzen direla populazioaren zati handi batean, eta horrek diskriminazio egoerak sortzen dituela. Horiek ezabatu egin behar dira.
Zein da elkarbizitza egoki baterako gakoa?
Carrere: Elkar ezagutza. Estereotipoak eta aurreiritziak alde batera uztea.Kontziente izan behar dugu gizartea aldakorra dela, eta Errenteriak aldaketa handia izan duela bere bidean pertsona migranteekiko. Bide horretan gatazkak izan dira kasu batzuetan, baina horiek gainditu direnean, gizarte hobeagoa bihurtu gara. Aldaketak gelditzeko heldu direla onartzea da gakoa; ez dute zertan txarrak izan behar.
Gero eta anitzagoa da herria, kultura eta hizkuntza ugariren topagune da Errenteria.
Bellorin: Kultur aberastasuna da hori. Batzuek besteengandik ikasten dugu, esperientziak geureganatzen goaz bide horretan. Migratzen badugu, ez da desioagatik, beharragatik baizik.
Migratzaileak lana kentzera datozela esaten dutenei, zer erantzun?
Bellorin: Ez da horrela. Lana hemen dute beraiek, eta ez badute egiten, nahi ez dutelako da. Helburuak zehaztuta heltzen gara hona, gure sorlekuan goi mailako ikasketak izan edo ez, horrek ez gaitu baldintzatzen barneko etxeko lana egiteko, adinekoen zaintzarako… Dena lana delako, eta gu lanera gatozelako. Ez gatoz inori lana kentzera, gure helburuak betetzera baizik, eta horretarako lan egin behar dugu. Horrekin batera, gizartearen parte izan nahi dugu, askotan kanpo gelditzen garelako aurreiritzien eta zurrumurruen erruz. Ez gara onartuak sentitzen: lana kentzera gatozela, migranteek soldaten zenbatekoa jaisten dugula… halako hamaika entzun behar ditugu. Ez da horrela. Atzerritartasun legeak ahalbidetzen du hori guztia, tartean, soldatak jaistea; gure egoera erregularizatzeko lana egin behar dugu, ezin diogu ezetz esan bestela beti irregularrak izango garelako. Lana ez da txarra, etxeko lanak ez dira txarrak, txarrak lan horien baldintzak dira.
Migratzaileen artean noren egoera esango zenukete dela larriena heltzen direnean?
Bellorin: Etxeko langilea izan naiz, eta erresidentzietako langilea ere. Nire ustez, etxeko lanen sektorea da prekarioena eta gehien diskriminatzen duena zuzenean edo zeharka. Atzerritartasun legea da oinarria, baina errolda ere hor dago. Errolda agiria ez baduzu ezin duzu osasun txartelik egin, eta ezin duzu erakutsi ere hiru urtez bizi izan zarela bertan.
Lehen aipatu moduan, alokairuaren gaia ere oso zaila da. Horren aurrean, emakume migrante askok erabakitzen dute barneko etxe lanetan hastea, horrela sabaia, jatekoa eta errolda ere badituztelako, nahiz eta zazpi egunez eta 24 orduz lan eginda 700 euro irabazi. Barneko etxeko lana eta atzerritartasun legea ezabatu aurretik, oinarriak sendotu behar dira; etxeko lanen eta zaintzaren gakoa, lana publikoa izatea litzateke, eta bide horretan lan baldintzak hobetzea. Erresidentzia batean gaueko lana egiten duen emakumeari gau plusa ordaintzen zaio; etxean egiten duenari ez.
189. hitzarmena bete behar da, onartuta dago baina paper bustia da, epeak markatu behar dira betetzeko. Arrazoi horiek guztiek sektore hau prekarioa izatea ahalbidetzen dute, eta batez ere migranteak diren emakumeak esplotatzea.
Migrante bat heltzen denean zein da hasi behar duen prozesua egoera normalizatzeko?
Carrere: Krisiaren aurretik, aukera zuten beren herrietan lan kontratu bat eskatzeko. Kontsulatura joan eta bertan Espainiako Estatuan lan kontratu bat eskaini dizutela esaten duzu. Bertan dokumentazioa egiten dute, eta lanerako erresidentzia baimena bideratzen dute. Baina hau praktikan ez da egingarria; gobernuak zerrenda bat dauka, estaltzeko zailak diren lanpostuak daude bertara bilduta. Lanpostua ez badago zerrenda horretan, ezin dute Espainiako Estatuan sartu, bertan badagoela jendea lan hori egiteko suposatzen delako. Kirolarienak, arrantza ontzi patroienak, edo itsasontzietako makina arduradunenak dira, besteak beste, lanpostu horietako batzuk; ez dago legalki sartzeko aukerarik. Migranteak egoera irregularrean etortzen dira; hiru urte itxaron behar dituzte erregularizatzeko, eta urtebeteko lanbidearteko gutxieneko soldatarekin kontratua lortu. Oso zaila da, eta batez ere gizonentzat; emakumeek normalean etxeko langile gisa aurkitzen dute lana eta egoera irregularrean lanean ari dira jada etxe horietan. Hiru urte pasatakoan, zortea izanez gero, lanean ari den etxeko familiak bere egoera erregularizatzea erabakitzen du, eta prozesua, emakume migratzaile hori lanean jarraitzen duen bitartean egiten da.
Lehen txartela urtebeterako lortuko dute prozesu horren ostean. Urtebetera berritzea tokatzen da, eta horretarako, kontratua mantendu behar dute, edo berri bat lortu urtebeterako lanbidearteko gutxieneko soldatarekin.
Beste erregularizazio bat dago, hirugarrena, baldintza beretan bete beharrekoa.
Beraz, ez da bakarrik paperak lortzea, horiek mantendu egin behar dituzte, erregularizazio prozesuaren epean langabezian gelditzen badira atzera hasi behar dutelako prozesu guztia. Bost urte egoera erregularrean bete arte, ezin duzu erroldarekin bakarrik erregularizatu. Beraz, ez dute beste erremediorik bost- hamar urtean lanean jarraitzea baino beren egoera erregularizatzeko, baldintza prekarioetan bada ere.
Espainiako koloniak izandakoetatik datozenek bi urtera has dezakete erregularizazioa, hau da, Latinoamerikatik, Ekuatore Gineatik, Filipinetatik datozenei, eta jatorri sefardia duten judutarrek.
Mugak zabaldu beharrean gero eta itxiago daude, eta gatazkek ere gora egin dute. Mendebaldeko Sahara, Moriako kanpalekuak, Badalonako industria eraikinean zaurituak eta hildakoak utzi dituen sutea… Zein da irakurketa?
Carrere: Giza eskubideen gainetik mugen inpermeabilitatea lehenetsi dute balioen Europa honetan. Emaitza: hildako pertsona ugari muga pasatzeko saiakeran, eta beste asko baldintza ankerrenetan izatea Europako Batasunak finantzatutako internamendu zentroetan. Une honetan mugak inpermeabilizatzeko modua da dirua Turkiari edo Marokori ematea; Libiako armamentu industria elikatzea; edo Guardia Zibila Mauritaniara bidaltzea… Hau da nazioarteko kooperazioa; migratzaileen jatorrizko herriak garatu beharrean, gendarme lana egiten duten herrialdeei ordaintzea. Herrialde horiek, berriz, migrazioaren iturria trukerako txanpon gisa erabiltzen dute nazioarteko harremanetan, Europa presionatzeko. Horren aurrean, elkarte antiarrazistetatik irtenbideak proposatu ditugu, egingarriak, eta ez dutenak suposatzen mugak zabaltzea; migrazioa erraztea. Giza eskubideak errespetatzeko modu bakarra hori da, drama honekin amaitzea ezinbestekoa delako.
Miganteekin politika egokia du Errenteriako Udalak?
Carrere: Ahal dena egiten da, baina gehiago egitea dago. Oztopo asko ditu udalak interbentzioa egiteko egoera normalizatua ez duten pertsonekin; Gizarte Zerbitzuek trabak dituzte erroldatuta ez dauden, baina Errenterian bizi diren pertsonekin aritzeko; edo etxebizitza bilatzen ari eta inork alokatzen ez dienekin.
Uste dut horretan gehiago eragin beharko lukeela, arazo zehatzetan. Udalak sentsibilitatea du herriaren aniztasunarekin, dibertsitatea positibotzat jo du argi eta garbi.
Zein ekarpen egin diote migranteek Errenteriari?
Bellorin: Nik uste dut zaintza aurrera ateratzeko kapital humanoa jartzearekin batera, hortik harago, elkartasuna. Emakume asko eta askok geurekin batera dugun indarra ekarri diogu herriari. Familiak sorlekuan uzten ditugu, eta horrek asko esaten du gure gainean. Nik ama eta ahizpak utzi nituen, lau urtera ahizpa gazteena ekarri nuen. Ozeano bat igaro behar dugu migratzeko, eta horrek indarra eta ausardia eskatzen du, hori ere bada gure ekarpena herriari; baita maitasuna ere, gure lana egiterako garaian, maitasuna osagai garrantzitsuetako bat delako.
Zaintzerakoan, adinekoak garenean zaintzea nahiko genukeen moduan egiten dugu, gure senideak zaindu ditugun moduan. Gizarte honi gure zaporea eta kolorea ematen diogu.
«Hogeita bi orduko lan jarduna ohikoa da etxeko lanetan»
Tatiana Bellorin Espinoza Nikaraguatik heldu zen. Etxeko langile aritu zen, eta hark baldintza egokiak aurkitu bazituen ere, ez dela hori ohikoa aitortu du. Egun, Errenteriako SOS Arrazakeriaren Etxeko Langileen taldeko aholkulari lanak egiten ditu. Prekarietatea, lan jardun amaigabeak, ordaindu gabeko orduak, gehiegikeriak, eta sexu jazarpena ere aipatu ditu Bellorinek, besteak beste, etxeko lanetan aritzen diren emakume migranteek jasan behar dituzten lan baldintza «gogorren» artean.
Elkartearen egoitzan egin du Hitza-k hitzordua, eta telefonoa jo eta jo aritu da etengabe. Bestaldean, etxeko langileen zalantzak, kezkak, salaketen gaineko azken berriak… lan eskerga duten seinale.
Etxeko langileak, emakumeak, migranteak… Prekarietatera bideratzeko osagai guztiak, ezta?
Horrela da. Etxeko lanetarako kontratazioak egiten dituzten agentziekin azterketa egin dugu, eta agentzietako batek esan zigun: ‘Lan hau emakume migranteek egiten dute, bertako emakume batek ez du egingo, ez bada barneko lana egin nahi duela familiarekin arazoak dituelako’. Hori emakume batek esan zigun, eta orduan nire galdera honakoa da: zu emakumea zara, nahiko zenuke baldintza horietan lan egin? Emakumeak gara eta migranteak, eta horrek asko baldintzatzen gaitu, migratzen dugun emakume gehienok, ez da nire kasua, lan prekarioak egiten ditugu.
Beste kontu bat aintzat hartzekoa emakume migrantearen sexualizazioa da. Migrantea zara, latinoa, eta orduan proposatuko dizut etortzea lanera eta harreman sexualak izatera nirekin, edo barruko arropa jantzita egiten baduzu garbiketa 50 euroan ordainduko dizut ordua…
Tokatu zaizu hori bizitzea?
Ez, ez dudalako onartu. Baina zaintzen nuen pertsona adinekoen egoitzara eraman zutenean, ordukako lana bilatzen hasi nintzen eta horrelako eskaintzak jaso izan ditut. Barneko etxeko langileak zazpi egunean 24 orduan ari dira lanean 700 edo 800 eurogatik, jaiegunik eta oporrik gabe… Mesede bat egiten ari direla esaten dizute, paperik ez duzulako, eta hortaz, eskubiderik ez duzulako. Argi esan behar da, paperak izan edo ez, eskubide berak ditugula; ezberdintasun bakarra da ez duzula gizarte segurantzan kotizatzen.
Barneko etxeko langile bati ez zaio esaten zein izango den bere lan jarduna, bere tarte libreak eta jaiegunak zein izango diren baizik; azkenean, 22 orduko lan jarduna ezarriko diote, 22 ordutan lanerako moduan egon behar duelako.
Lan baldintza duinak izateko nola eragin?
Atzerritar araudia ezabatu behar da. Irizpideak malgutu behar dira egoera normalizatzeko, eta paperak lortzeko.