[Erreportajea eta galeria] Bizipenak eskuz esku lotzen dituen haria
Maixus Jauregik jaiotzetik etxean ikusi duenaz edan du, sormena izanik bere bidelagun fidelena. Ez da erronkarik eskuen artean hartu ez duenik, izan ere, sorkuntza jasotzen duenaren poza da beretzat ordainik preziatuena.
Hutsetik hasteak sorrarazten duen bertigoari aurre egitea erabakitzen duenak ongi daki zenbateko gogobetetasuna dakarren, gero, salto hori eman izanak.
Jaiotzez hernaniarra, hezieraz urnietarra eta bihotzez oiartzuarra da Maixus Jauregi, ezkondu eta bertan bizi izan baita azken 33 urteetan. Bizi bakarrik ez, bizia ere eman die haren irudimenetik jaiotako pertsonaia eta hausnar askori, sortzaile baita hura lehen pausoak eman aurretik ere.
Sorkuntza izan du bizibide, ez baina, ogibide: «Ni langabezian nago eta hau hobbya da niretzat, bizitzeko ez dit ematen. Gestoriara joan izan naiz askotan, baina gehiago ordainduko nuke ateratzen dudana baino», tamaldu da.
Dena den, harago doa oiartzuarraren maite-sua, hark munduratzen duena beste inork bere egiten duenean sendotzen baita aurrera egiteko gura: «Norbaitek haurraren argazkia bidaltzen dizunean panpinarekin jolasten, hori da jarraitzeko gogoa ematen dizuna».
Etxeko txikienek gehien maite dutena, antza, Jauregiren olagarroen hanketatik tiraka ibiltzea da: «15 zentimetro inguru izan ohi dituzte nik jostean, eta tiraka-tiraka 30 zentimetrora heldu arte erakutsi izan dizkidate!». Kolore eta forma orotariko zortzi hankadunak ehundu ditu artisauak azken urteotan.
Nahiz eta beti egin izan dituen panpina eta bestelako eskulanak, orain dela bi urte hasi zen horiek saltzen, aurretik dohainik ematen baitzituen egindakoak. Lehenengo azokan jendeak egindako harrera goxoaz geroztik, herriz herri ibili da Jauregi, bizilagunek bere lana ikusten dutenean zein aurpegi jartzen duten ikusteko irrikatan.
Bi bezero mota dituela esan liteke: batetik, azoketan edota sare sozialen bidez bere lanak ikusi eta erosi nahi dituena; eta bestetik, lan horiek ikusita ideia berri bat egiteko eskatzen diona: «Denborarekin eskatu eta erosten duenaren poza, edo bueltatzen dena aurrekoa gustatu zaiolako… Horretarako ez da hitzik».
COVID-19a, freno eta indar
Aurten ezin izan ditu hain maite dituen adierazpenak aurrez aurre ikusi eta sentitu, osasun larrialdiak bertan behera utzi baititu feriak. Datorren asteburuan Antxokora izango zen joatekoa oiartzuarra, hango San Tomas azokara, baina hori ere azken unean debekatu du Udaltzaingoak, jende pilaketak sor zitezkeelakoan.
Birusak nabarmen zauritu du Jauregiren jarduna. «Lehen gutxi saltzen bazen, orain gutxiago!». Baina egoerari alde ona ateratzen jakin du hark, izan ere, baztertuta zituen ohiturak berreskuratu ditu, horien artean, jostea. Gainera, ahoz aho eta etxetik etxera egindako eskaerek erronka berriak ekarri dizkiote eta horietatik ikasten, berritzen, eman du itxialdia.
«Denetarik ari naiz egiten azken aldian», aitortu du, «jendeak eskatzen didanaren baitan»: musukoak, kakorratzezko panpinak, aurpegia garbitzeko toallatxoak…
Orain arte egindako lanen artean bat du bereziki gogoan sortzaileak: Oiartzungo emakume batek Intxixua egiteko eskatu zionekoa. «Erronka handia izan zen. Ez nuen eredurik, nik neuk sortu behar nuen hutsetik». Ezina, ekinez egina: bi sortu zituen Jauregik, eta horiek bai bi altxor, «pieza berdingabeak», horrelako besterik ez baitu egin egunera arte behintzat.
Hala bizi izan da beti oiartzuarra, hutsetik hasi eta bere burua heziz. Hanka sartzeetatik ikasi, jostura desegin, berrasi, eta hasiera batean ezinezko ziruditen erronkei aurre eginez egin du bidea.
Ibilaldi horrek nora eramango duen ez daki ziur, baina argi dagoena da, bidea lausoa bada, hark sortuko duela bere eredu propioa, hutsetik, orain arte beti egin izan duen moduan.