Mari Domingi eta Olentzerok lepo dute agenda
Bihar eta etzi herriko haurrei egingo dieten harreretarako hitzordu guztiak agortuta dituzte Mari Domingik eta Olentzerok.
Mari Domingi eta Olentzero Mari Domingik eta Olentzerok ez dute aurten kalez kaleko desfilerik egingo, eta ez dira pandemiaren testuinguruan urteroko ilara luzeak errepikatuko haurrek beren gutunak eskura emateko. Pandemiak hori ere hankaz gora jarri badu ere, ez du lortu haurren ilusioa zapuztea, eta Mari Domingi eta Olentzerok harrera egingo diete, banaka, eta segurtasun neurri guztiak bermatuta.
Bihar eta etzi egingo dituzte harrera horiek hiru eremu ezberdinetan, Merkatuzarren, eta Fanderia eta Beraungo frontoietan. Agenda lepo bete zaie Mari Domingi eta Olentzerori, harrera horietarako hitzordu guztiak agortuta baitaude, baina pandemiak pandemia, haurrek aurten ere, gutuna eman eta biekin argazkia egiteko aukera izango dute.
