Antxoko bulebarraren proposamena herriari aurkeztuko diote larunbatean
Azaroaren amaierarako antolatutako bilera udalak debekatu ostean, larunbat honetan elkartuko da Antxoko Trenaren Plataforma herritarrekin, 11:00etan, elizan.
Pasai Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataforma larunbat honetan bilduko da bizilagunekin, Adifen geltokia dagoen lekuan egitekoak diren lanen gainean prestatutako proposamenaren egoera antxotarrei aurkezteko. Kideen ideia tren geltokia dagoen lursailaren zati bat herrian bulebar bat sortzeko erabiltzea da.
Helburu hori lortzeko egunera arte emandako pausoak, egindako gestioak eta planteamendua, orobat, aurkeztuko dute larunbat honetan, 11:00etan, Antxoko San Fermin Parrokian. Lehen bilkura hori joan den azaroan zen egitekoa, baina udalaren debekuz atzeratu behar izan zuten.
Antolatzaileek gogora ekarri nahi izan dute aretoan COVID-19ak eskatzen dituen derrigorrezko segurtasun eta osasun neurriak bermatuko direla, eta herritarrei deia egin diete bertara daitezen.