EH Bildu: "Debekua ez da bidea. Pasaitarrok ez dugu gobernu hau merezi"
Oposizioko alderdiak salatu du udal gobernuak bizkarra eman diela Gabonetan herriko jai batzorde eta elkarteei, antolatutako ekitaldiak debekatu izanagatik.
Pasaiako EH Bilduk salatu du udal gobernuak bizkarra eman diela, “berriro ere”, herriko jai batzorde eta elkarteei, udan bezala, pasaitarrek Gabonetarako antolatutako ekitaldi guztiak debekatu izanagatik.
Oposizioko taldeak nabarmendu du PSE-EE eta EAJk pandemia aitzakiatzat hartu dutela, antolatutako ekintzek (Mari Domingi eta Olentzerori harrera, artisauen azokak, Erregeen ongi etorria…) segurtasun eta higiene neurri guztiak betetzen baitzituzten.
EH Bilduko zinegotzien ustez herri gobernuak harturiko erabakiak “ulertezinak eta gaitzesgarriak” dira, agintariek, Pasaiako eragileekin bildu beharrean, ekintzak bertan behera uztea hautatu baitute: “Pasaiako udala, urrun dago oso, debekua ez baita bidea. Pasaitarrok ez dugu udal gobernu hau merezi”.