Kalera deitu du larunbatean Sarek
Manifestaziora deitu du larunbatean. 17:00etan abiatuko da Zumarditik.
Euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko urteroko aldarriak ez du hutsik egingo. Bilbo eta Baionako kaleen ordez, Euskal Herri osoko herrietako kaleek hartuko dute lekukoa eta errepresaliatuen korapiloa askatzea eskatuko dute hamarnaka eta hamarnaka herritarrek. Urte berriak, eskaera zaharra jarriko du lehen lerroan enegarrenez; berez gogorra den egoera, pandemiak are gogorragoa bilakatu du, euskal presoei espetxe politikak zein dispertsioak ezarritako salbuespen egoerek zailtzen duten ezinbesteko senide eta lagunekiko harremana, are zailagoa egin duelako.
Une honetan, sei oreretar daude preso Espainia eta Frantziako estatuetako espetxeetan sakabanatuta, eta bat etxean zigorra betetzen, Sare Herritarrak eman dituen datuen arabera: Mikel Arrieta Llopis, Eider Perez Aristizabal, Juan Manuel Inziarte Gallardo, Jesus Mari Etxeberria Garaikoetxea Goierri, Xabier Goienetxea Iragorri, eta Aitzol Gogorza Otaegi. Horietatik bik, gaixotasun larri eta sendaezina dute; Arrieta eta Gogorza. Gogorza etxean betetzen ari da zigorra; Arrieta, berriz, duela gutxi lekualdatu dute Algeciraseko espetxetik, Soriako kartzelara (Euskal Herritik 260 kilometrora).
Perez Aristizabal Algeciraseko (Andaluzia, Espainia) espetxean dago etxetik 1.100 kilometrora; Zuera (Zaragozako) espetxera lekualdatuko zutela jakinarazi bazuten ere Espainiako Espetxe Erakundeek, oraindik ere Andaluziako espetxe horretan aurkitzen da oreretarra. 1.020 kilometrora aurkitzen da Goierri ere Cadizko Puerto III espetxean; Inziarte, Topas (Salamanca, Espainia) espetxean dago, 470 kilometrora; Inziarteren kasuan ere jakinarazi zuten Espainiako Espetxe Erakundeek lekualdatuko zutela, El Dueso (Kantabria) espetxera zehazki, baina oraindik ere Salamankako kartzelan dago Etxerat elkarteak joan den abenduaren 30ean egin zuen zerrenda eguneraketaren arabera. Goienetxea Okzitaniako Mont de Marsan espetxean aurkitzen da, etxetik 140 kilometrora.
Sei presoen artean 2.990 kilometro batzen dituzte, joan etorrian 5.980 kilometro egin behar dituzte haien senide eta lagunek espetxetarako bidaietan.
Sare Herritarrak kalera deitu du, bidea luzea bada ere, pausoz pauso egin nahi dutelako aurrera, eta horretarako, urrats denak dira beharrezko. Hitzordua larunbatean 17:00etan, Zumardian.
