Bueltan da Lezoko Zinema Ttikia
Larunbaterako emanaldi bikoitza antolatu dute. Lehenik, haurrentzako emanaldia, eta ondoren familiakoena. Gonbidapenak behar dira.
Hemen da azkenean. Lezoko Zinema Ttikiak berriz ere programazioari ekingo dio. Pandemia bukatu da euskarazko zinemarentzat Lezon, baina neurriekin. Hasteko, larunbatean saio bikoitza izango da. Arnasgunea berreskuratu du Lezok.
16:30ean, haurrentzako bereziki prestatutako filma: Koko, dragoi txikia oihanean. Horren, ondoren, 19:00etan, familientzat emanaldia Ez eskerrik asko! Gladysen leihoak lanarekin; sorkuntzaren egileekin solasaldia izateko aukera dago. Bertha Gaztelumendi da zuzendaria.
Emanaldiak Gezalan izango dira. Aforo muga izango du aretoak. Doan dira, baina gonbidapena behar da: horiek Kultura Sailaren bulegoan, Lezoko Udalaren webgunean (Agenda ataletik sartuta) edo egunean Gezalan bertan (geldituko balira) lor daitezke.