Emakumeen ekarpenekin osatutako memoria josten
Mariasun Landa Sariketarako epea zabalik da otsailaren 1era arte. Herriko emakumeen ekarpena lehen lerrora ekarri nahi du lehiaketak, herri kronika osatzeko.
Itzalean, maiz, askotan ez da aintzat hartu haien ekarpena herriari, bizitzari, egunerokoari, baina izan da, egin dute ekarpena, ez nolanahikoa. Bigarren mailan utzi izan ditu historiak emakumeak, handiak edo txikiak, entzutetsuak eta ezezagunak… denek egin dute ekarpena, denek jarri alea, eta anonimo izan diren horiei guztiei izena eta abizena jarri eta beren ekarpenaren —xumea izan edo handia— berri jasotzea du helburu Mariasun Landa Sariketak. Jasotzea, gero lau haizetara zabaltzeko.
Eta aurten ere heldu da, hamaikagarrenez, indarrez eta ezkutuan gelditu diren istorio eta historia, testigantza berriak urratzeko egarriz sariketa, Berdintasun sailaren eta Berdintasun kontseiluaren eskutik. Lanak aurkezteko epea zabaldu dute eta herritar guztiak deitu badituzte parte hartzera ere, bereziki emakumeei deitu diete horretara, kontatzen denaren protagonista izateaz gain, kontatzen den hori ere emakumeek kontatua izan dadin. Otsailaren 1era arte Zu! Zure Udala zerbitzura.
Gizarteko arlo ezberdinetan emakumeek Errenteriari egindako ekarpenaren berri emango duten idazlanak dira sariketaren filosofiarekin bat egiten dutenak, horiek sustatu, aitortu eta saritu nahi dituzte. Emakumeen ekarpen hori askotariko arloetara zabalik dago, hala nola, kulturara, hezkuntzara, kirolera, enplegura eta bestelakoetara. Emakumeek herriari egindako ekarpena ikusarazi nahi da, herri kronika osatze aldera.
Bi sari emango dituzte. Bat, Emakumezkoen Begirada da: emakume batek edo emakumez osatutako talde batek aurkeztutako lanen artean onena sarituko da, 450 eurorekin. Bestea, berriz, Emakumezkoei Begirada da: gainerako lan guztien artean onena sarituko da, 450 eurorekin ere bai. Bi idazlan irabazleen artean, bat gutxienez euskaraz aurkeztutakoa izango da.
Sari banaketaren ondoren (Martxoaren 8aren inguruan izaten da), bi idazlan irabazleak Oarso aldizkarian publikatuko dituzte.
Sariketaren oinarri orokorretara sartu nahi bada, joan ondoko estekara: 2021eko Mariasun Landa Sariak, oinarri orokorrak.