Bihar itzuliko da Tipi-Topa
Ostegunetan egingo dituzte ibilaldiak, bi txandatan, 10:45ean lehena eta 11:00etan bigarrena, Bekoerrota Kiroldegiko Koldobike Gezala frontoian elkartuta.
Tipi-Topa programa abituko du bihartik udalak. Urte berriarekin batera itzuli da adinekoei begirako ibilaldi programa, eta egungo egoerara moldatuta, osasun eta segurtasun berme guztiekin. Ostegunetan egingo dituzte ibilaldiak, bi txandatan, 10:45ean lehena eta 11:00etan bigarrena, Bekoerrota Kiroldegiko Koldobike Gezala frontoian elkartuta. Aipatu espazioa handia dela azaldu du udalak, estalia eta irekia aireztatzeko, eta horrek guztiak bete beharreko neurriak bermatzea ahalbidetzen duela.
Ibilaldiak betikoak izango dira eta sei lagunen taldetan egingo dira; musukoaren erabilera ezinbestekoa da: “Ezinbestekoa da ibilaldi osoan zehar musuko kirurgikoa erabiltzea eta saio hasieran zein amaieran eskuak bertan egongo den gel hidroalkolikoarekin desinfektatzea. Ez da materialik izango elkartrukerako, eta ur edalontzirik izango ez denez, norberak eraman beharko du berea. Saio bukaeran ez dute mokadutxorik eskainiko, baina beste ekintzaren abat egingo da ibilaldia ixteko”.
Ibilaldia egiteko laguntza behar dutenek, laguntzaile horretaz baliatu beharko dutela ibilaldi osoan azaldu du udalak, gainera, pertsona laguntzaile horrek saio guztian zehar gelditu beharko du. 60 urtetik gorako herritarrei begirakoa bada ere, denentzat irekita dagoela Tipi-Topa programa gogorarazi du udalak, “Koldobike Gezala frontoira gerturatzea baino ez dute parte hartu nahi dutenek, bihar”.
Martxan +60 programa ere bueltan da. Adineko pertsonek ariketa ezberdinak egiteko saioak dira horiek. Topagunea, Koldobike Gezala frontoia da kasu honetan ere, astearteetan, eta lau saioetako hiru frontoian bertan egiten dituzte eta beste bat parke osasungarrietan: 2 asteartetan indarra, oreka eta koordinazioa lantzeko ariketak egiten dituzte eta beste batean dantza. Saioak, 11:00etan hasten dira.
Tipi-Topan bezala, ezinbestekoa da musukoa erabiltzea, nahiz eta ariketa egin bitartean aukerakoa den kentzea segurtasun distantzia bermatuta baitago; soilik orduan ken daiteke.