Aurten ere, ateak parez pare zabalik
Matrikulazio kanpaina aurkeztu dute Errenteria-Oreretako euskal eskola publikoa osatzen duten Bizarain Ikastolak, Cristobal Gamon Ikastetxeak, eta Koldo Mitxelena Herri ikastetxeak.
Bertan da matrikulazio kanpaina; Astelehenean hasiko da (hilak 18) eta hilaren 29ra arte izango da zabalik. Errenteria-Oreretako hiru ikastetxe publikoetako zuzendariek agerraldia egin dute gaur Hezkuntza zinegotziarekin batera kanpainaren berri eman eta Bizarain Ikastola, Cristobal Gamon ikastetxea eta Koldo Mitxelena Herri Ikastetxearen aldeko hautua egin dezaten eskatzeko herriko gurasoei.
Horretarako, herriko euskal eskola publikoa ezagutzeko gonbita egin dute Leire Zarra, Pili Sesen, Sara Herranz Koldo Mitxelena, Bizarain eta Cristobal Gamongo zuzendariak hurrenez hurren, eta Itziar Ostolaza zinegotziak.
Kanpaina 2018an eta 2019an jaiotako haurrei begirakoa da, eta aurten ere, herriko ikastetxe guztien informazioa jasotzen duen gutuna bidali du udalak urte horietan jaio eta Errenterian erroldatutako 528 haurren etxeetara. Matrikulatzeko garaian kontuan hartu beharreko irizpideen artean hizkuntza eredua eta ikastetxearen kokapena daudela nabarmendu du Ostolazak, “haurraren gizarteratzean eta gure herriaren garapenean gai horiek duten garrantziaren jakitun, Errenteriako Udalak matrikulatzeko adinean dauden haurren familiak animatu nahi ditu D ereduan eta Errenteriako ikastetxeetan matrikulatzera”.
Laurek nabarmendu dute ikastetxe horiek lehen eskutik ezagutzea dela gakoa, eta horretarako ate irekiak antolatu dituzte egungo egoerari egokituta aurretik hitzordua eskatuta. Koldo Mitxelena ikastetxeak gaur du horretarako azken eguna Markolako zein Olibeteko eraikinetan, arratsaldez; Bizarainek 28ra arte eskainiko du aukera Juan Crisostomo Arriaga eraikinean, 16:215etik 17:15era; eta Cristobal Gamonek hilaren 28ra arte egingo ditu ate irekiak Sorgintxulo 6 zenbakiko eraikin nagusian. aurretik aipatu bezala, kasu guztietan ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea.
Herrian dagoen euskal eskola publikoa osatzen duten hiru ikastetxeekin agerraldi bateratua egitea garrantzitsutzat jo du Ostolazak, eta eskaintza euskalduna, kalitatezkoa eta pedagogia berrietan sakontzen duena dela hiru ikastetxe horiena nabarmendu du, “herrian dauzkagu hiru ikastetxe ezberdin eta anitz eskaintza publiko horren barruan, eta aberastasuna eskaintzen diote gure herriari. Ezberdinak eta anitzak izanik, badute izpiritu komun bat hirurek: herriko haur eta familia guztientzat irisgarria den hezkuntza eskubidea bermatzea”.
Zuzendaritza taldeei, eta hezkuntzako langile guztiei eskerrak eman dizkie Ostolazak gainera, gaurko agerraldian, pandemia testuinguru arrotz eta zailean “komunitatean egin duten lan handiarengatik bereziki pasa den ikasturtea eta aurtengoa aurrera ateratzeko. Zuzendaritza talde, irakasle, atezainak, garbitzaileak, hezkuntza komunitatea osatzen duzuen guztiei, eskerrak, oztopoak oztopo, gainditzen ari zaretelako egunez egun, jakinik egoera egunetik egunera asko aldatu daitekeela; baina horretara ere egokitu zarete, aurreko ikasturtean telematikoki eskolak emanez, eta aurten presentzialki osasuna erdigunean jarriz, burbuilak, kontingentzia plan eta bestelakoak barne”. Eskerrak eman dizkie Ostolazak guztiei, eta bide horretan udala ondoan izango duten hitza eman.
Bi jolas parke estaltzeko proiektuak
Eskumen urriak ditu udalak hezkuntzan, hala nabarmendu du zinegotziak, baina azpiegitura, eta eraikinen eta instalazioen mantenua udalari dagokiola. Horren harira, nabarmendu du Cristobal Gamonen Kaputxinoetako eraikinean duen jolas parkeetako bat estaliko duela udalak aurten, eta datorren urtean berriz, Koldo Mitxelena Ikastetxeko Markolako eraikineko beste jolastokia estaliko du; horretara, bostehuna mila euroko inbertsioa bideratuko du udalak: “Inbertsio handia da. Pandemia testuinguru honetan behar handia dago, baina aurretik ere bazegoen halako espazioak sortzekoa—esan du Ostolazak—, eta uste dut gure haur eta gaztetxoek eskertuko dutela halako espazio aske eta hezitzaile horietan aritzeko aukera. Estalpe hauek ikastetxeen proiektu hezitzaileari bultzada emateko xedea dute, espazio hezitzaile seguru eta kalitatezkoen aldeko inbertsio dira”.
Harago jo du Ostolazak, eta erantsi du Kaputxinoetako eta Agustinetako auzo bizitzetan arnasgune izango direla; izan ere, Koldo Mitxelena Herri Ikastetxearen erdialdeko eraikinean dagoen jolastoki estalia bezala, bi horiek ere zabalik izango direlako herritarrentzat eskola ordutegietatik kanpo, “auzotarrei aisialdiaz gozatzeko espazio publikoak eskainiz”.
2019-2020 urteetan jaiotako haurren gurasoei gutuna bidaliko diela udalak gogorarazi du azkenik zinegotziak, “horretan Errenterian dagoen hezkuntza eskaintza zabal eta anitza jaso da, ulertzen dugulako erabakitzeko eskubidearekin lotuta garrantzitsua dela eskaintza guztiaren berri bideratzea etxeetara, eta familiek aukera izango dute erabakitzeko. Zentroak ezagutzera gonbidatzen ditugu familiak, garrantzitsua da, arduraz hartu behar da haurrak non matrikulatu, eta ondorioz ate irekietan parte hartzera deitzen ditugu”.
Zuzendariek ere hartu dute hitza. Sesenek, ikastetxe publikoetan gizartean dagoen errealitatea oso garbi ikusten dela, “haurrek estrategiak garatzen dituzte sozializazio osasuntsu bat eta baloreetan oinarritutakoa egiteko”. Komunitate osoaren parte hartzearen garrantzia nabarmendu du bere aldetik Zarrak, “elkarlana hezkuntza komunitatea osatzen dugunen artean aberasten gaituen atal bat da eta identifikatzen gaituena ere. Gurasoekin elkarlan hori badago, eta horri esker, eta udalaren laguntzari esker ateratzen ditugu aurrera iniziatibetako asko. Denak gara, denok osatzen dugu eta eskertzekoa da”. Horren harira, aipamen berezia egin diote Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformari; plataforma ikastetxeetako guraso elkarteek osatu dute, eskola publikoaren alde lan egiteko xedez, “lan handia egiten ari dira gurasoak, eta egia da udalak ere laguntzen digula gure bidean, komunitatez hitz egitea ezinbestekoa da”.
Hezkuntza komunitate osoarentzat egoera zaila izaten ari dela nabarmendu du Herranzek pandemia testuingurua, “garrantzitsua iruditzen zait argi gelditzea bereziki, irakasleriaren inplikazioa; lan bikaina egiten ari dira, gure eremutik kanpo egon diren hamaika konturekin arduratzen ari dira, eta eskertzeko modukoa da”.