Martxan da Oarsoaldeko ikastetxe publikoen hezkuntza eskaintza

Datorren astelehenean (hilak 18) hasiko da 2021-2022 ikasturterako aurrematrikulazio kanpaina. Hezkuntza publikoaren aldeko dei bateratua egin dute aurten.

Datorren astelehenean (hilak 18) hasiko da Oarsoaldeko ikastetxe publikoen 2021-2022 ikasturterako aurrematrikulazio epea, eta aurten dei bateratua egin nahi izan dute zentroek, haur eskoletatik hasi eta Lanbide Heziketaraino.

Lezoko, Oiartzungo eta Errenteria-Oreretako ikastetxe publikoetatik eta Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformatik hezkuntza sare publikoaren aukera ezagutzera animatu nahi dituzte herritarrak. Plataforma ikastetxeetako guraso elkarteek osatu dute, eskola publikoaren alde lan egiteko xedez.

Plataformatik nabarmendu dutenez, euskara eta euskal kultura ardatz hartuta lan egiten dute Oarsoaldeko ikastetxe publikoek, “baina munduari irekita eta desberdinen arteko elkarbizitzan oinarrituta lan egiten dugu, gaur egungo gizartearen beharrei erantzunez. Gure herrietako kohesiorako ezinbesteko haziak dira gure ikastetxeak”.

Metodologia berritzaileekin lan egiten dutela adierazi dute, eta ikaslea ikaskuntza prozesuaren erdigunean jartzen dutela, “errealitatearen aniztasunari erantzuten diogu, inor atzean ez uzteko”. 

Hezkuntza komunitateei ere arreta jarri diete, haien aberastasuna nabarmenduz.

Oarsoaldeko Euskal Eskola Publikoaren aldeko Plataformak hezkuntza sare publikoa bultzatzeko bideoa osatu du.

Azken berriak

Harpidetu zaitez gure buletin irekira!
Astekarko eduki nagusiak, asteko albiste ikusienak, martxan ditugun zozketa eta egitasmoak, asteburuko egitarauen agenda eta askoz gehiago!
Ostiralero zure posta elektronikoan.