[Elkarrizketa] "Herritarrekin eraikitako udalgintza bat da gure xedea"
Errenteriaren 700. urteurrenaren harira udalarekin elkarlanean egindako elkarrizketetan azkena da honakoa. Alkatea etorkizunera begira jarri da, iraganetik eta orainetik abiatuta.
700 urte bete zituen Errenteriak joan den urteko apirilaren 5ean, pandemia betean. Herriak, leiho eta balkoietatik izan bazen ere, gogotik ospatu zuen urteurren biribila. Zer suposatu du zuretzat, alkate gisa, komunitate sen hori sentitzeak?
Pandemia betean harrapatu gintuen urteurrenak, ezusteko egoera larri batean, eta jendearen erantzunak garbi utzi zuen nolabait kolektibotasun hori, edo komunitate hori ospatzeko gogoa eta nahia.
Horrek, batez ere adierazten du jendeak badaukala atxikimendua herriarekiko, eta osatzen dugun osotasun hori ospatzeko nahia. Egia esan, bizi dugun garaiotan, ni-tik harago, gu hori ospatzeko gogoa izatea eta identitate likidoen aro honetan nortasun sendo hori daukagula ikustea oso pozgarria da; une honetan eduki dezakegun gauzarik garrantzitsuenetarikoa dela esango nuke.
Aurrera begira jarrita, zein dira Errenteriaren erronka nagusiak?
Nik uste dut erronka guztien gainetik badagoela bat niretzako garrantzitsuena dena, eta da herritarrek jarraitzea edukitzen ingurura begiratu eta inguruan gertatzen ari den horrekin konprometitzeko nahia eta borondatea; niretzako hori oso garrantzitsua da.
Egia da, hortik harago, nahiko nukeela Errenteria izatea herri bat hemen bizitzeko hautua egin duen edonori edo hemen jaio den edonori bere bizi proiektua aurrera ateratzeko aukerak eskainiko dizkiona, baita, hemen bizi den edonori, komunitateko kide izateko aukera eskainiko dion herria izatea ere. Behar dugu inguru bat, eta hori ere erronka da, aurretik esan dudan hori guztia ahalbidetuko duena: bizi proiektu pertsonalak aurrera atera ahal izatea, eta komunitatearen parte sentitzea. Hori lotuta dago hiria antolatzeko moduarekin berarekin eta inguruarekin dugun harremanarekin.
Horrekin lotuta ere, komunitatea garen neurrian, nik uste dut ahalbidetu behar dugula guztion ahotsa entzutea eta entzunaraztea, eta guztion artean izan behar dugula gai gure etorkizuna, etorkizun partekatu hori, eraikitzeko eta garatzeko.
Bada zerbait, zure ustez, 700 urte hauetan aldatu ez dena, Errenteriaren DNAn txertatuta dagoena?
Esango nuke herri honekin lotutako zerbait bada, hori dela etengabeko aldaketa egon dela. Aldaketa handiak bizi izan ditugu, sakonak, batzuetan oso bizkorrak gainera, eta esango nuke jakin izan dugula aldaketa horiei aurre egiten. Batzuetan izan gara aldaketa horien eragile, eta beste batzuetan egokitu egin behar izan gatzaizkio etorri diren aldaketei. Uste dut horrek ekarri gaituela gauden tokira, eta uste dut etorkizunari aurre egiteko ere hori oso garrantzitsua izango dela, aldaketetara egokitzea eta aldi berean aldaketa guk nahi dugun norabidean eragiteko gai izatea.
Kultura giltzarri bihurtu duzue…
Kultura garrantzitsua izan da beti herri honetan, baina egia da azken urteetan ahalegin berezia egin dela kulturari merezi duen tokia emateko, eta duen balioa nahiz ematen digun guztia aitortzeko.
Azkenean kultura bada ezberdinen arteko harremanak eraikitzeko bidea, bada pertsonalki eta kolektiboki garatzeko modua, ikuspegi kritikoa garatzeko aukera ere ematen digu, badauka balio profesionala, ekonomikoa, garapen ekonomikorako motore ere izan daiteke gurea bezalako herri batentzat. Uste dut kulturarekin azken urteetan egin den ahalegina izan dela balio hori eta gure herriaren garapenaren motore izan daitekeela ikustarazteko. Herri honi asko ematen dio kulturak, eta dimentsio ugari asetzen ditu.
Zein garrantzia dute herritarrek, eragileek Errenteriaren egunerokoan?
Herri bat hori da, bere herritarrak, bere eragileak, eta guk udalgintza ez dugu ulertzen herritarrentzako eraikitako politiken modura bakarrik, herritarrekin eta eragileekin beraiekin eraikitako udalgintza bat da gure xedea, hori da guk eraiki nahi duguna. Instituzio bezala dagokigu, alde batetik, herrigintzari bide ematea, herrigintza gara dadin baldintzak sortzea; eta bestetik, udalgintzan herritarrei eta eragileei parte hartzeko, elkarrekin eraikitzeko, eta elkarrekin garatzeko aukerak sortzea.
«Feminismoak urteetan egindako lanari leial jarraitzea dagokigu»
«Herritarrengandik eta eragileengandik datozen proposamenei bide emateko gaude hemen»
«Elkar ezagutzak ematen digu aniztasuna balioan jartzeko aukera»
Herritarrengandik eta eragileengandik datozen iniziatiba eta proposamenei bide emateko gaude hemen.
Hori da herritarrei eta eragileei aitortzen diegun papera: subjektu aktiboak nahi ditugu, herritar aktiboak nahi ditugu. Herritarren inplikaziorik eta eragileen inplikaziorik gabeko herri bat, azkenean, lotarako herri soila delako, eta hori ez da gure eredua. Justu kontrako eredu batez ari gara, herritarrak inplikatuko diren eta herritarrak aktibo izango diren herri bati buruz.
Lehen emakume alkatea zara Errenteriaren historian.
Bai, eta nahi nuke azkena ez izatea. Egia da azken urteetan asko aldatu direla gauzak, baita etxe honetan ere. Ni izan naiz lehenengo emakumezko alkatea, baina udalbatzari begiratzen badiogu parekidea da, edo bozeramaileen batzordeari begiratzen badiogu ere emakume gehiago gara gizonak baino.
Argi dago egoera aldatu dela, eta argi dago feminismoak egindako borrokaren ondorio dela. Uste dut, oraindik asko dugula egiteko, eta feminismoari esker gauden tokian gaudenok ere zor diogula feminismoari, gauden tokitik, politika feministak egiten jarraitzea.
Udalbatza osatu zenean eta alkate izendatu nindutenean gogoan izan nuen Abelina Jauregi zinegotzi sozialista. Bera izan zen gobernatu zuen lehen emakumea, osatu zen lehenengo udalbatza hartan emakume bakarra. Ordutik 40 urte dira, gauzak asko aldatu dira, baina orain nik uste dut batez ere gauden tokian gaudenoi dagokigula feminismoak urteetan egin duen lan horri leial jarraitzea.
Komunitatea inoiz baino saretuagoa dagoela argi gelditu da pandemiarekin. Horren adibide, Zaintza Sare Komunitarioa da. Zein da halako erantzuna jasotzeko gakoa?
Pandemiaren hasiera inpaktu handikoa izan zela, eta uste dut denei piztu zitzaigula, hasieran batez ere, ahal genuen neurrian elkartasunez jokatzeko eta laguntzeko nahi edo borondatea.
Zaintza Sareak eduki duen dimentsioa, eduki duen inpaktua, eduki duen sendotasuna ezin zaiola horri bakarrik lotu uste dut, ikusita, gainera, zaintza sareak ez duela momentu konkretu batean bakarrik erantzun, baizik eta izan duela jarraikortasun sendo bat. Egiten dudan gogoeta da udalgintza egiteko modua aldatu dela azken urteetan, aurretik aipatu dudanaren ildotik, herritarrekin, eragileekin, lan egiteko baldintzak sortzea izan da azken urteetako inbertsio garrantzitsuetako bat. Ahalegin handi bat egin da, eta uste dut udalgintza egiteko modu desberdin horrek herritartasun berri bat sortu duela, herritarra beste toki batean kokarazi duela.
Ahalduntzeko bide horretan sakondu egin da azken urtetan, eta hain justu, herritartasun berri horrek ahalbidetu du, momentu batean, zaintza sareak eduki duen bezalako erantzun bat jasotzea.
Errenteria hitz bakar batekin definitu beharko bazenu, zein hitz erabiliko zenuke?
Zaila da hitz bakarrarekin egitea, baina nik atxikimendua esango nuke. Herri honekiko atxikimendua oso gauza pozgarri oso garrantzitsua da. Azkenean herri honek bere konplexutasuna dauka, bere zailtasunak dauzka, baina jendea harro dago edo gustuko du behintzat herri hau bizitoki gisa. Azkenean, hortik, atxikimendu horretatik gauza asko sortzen dira. Sortzen da inguruan gertatzen denarekiko inplikazioa, herrigintzan parte hartzea, herria bizitzea eta nik esango nuke, edozein proiektuk eduki dezakeen gauza garrantzitsuena dela atxikimendua, hortik eraiki daitezkeelako gauza asko.
Aniztasuna ezaugarri bat bilakatu da. Zer suposatzen du horrek herriarentzat?
Herri honen ezaugarri izan da aniztasuna iraganean, egun ere bada, eta uste dut etorkizunean ere oso ezaugarri garrantzitsua izango dela.
Ez dut ukatuko aniztasunak konplexutasuna dakarrela, eta garrantzitsua edo gakoa da, justu, aniztasunean bizitzen jakitea. Uste dut hori ikasi egiten dela, eta ikasteko, behar ditugu aniztasuna hori bizi ahal izateko espazio partekatuak; hor sartzen da eskola, kirola, aisialdia, lana edo enpleguaren esparrua…
Aniztasunean bizitzen ikasteko etengabeko ariketa bat da garrantzitsua, eta elkar ezagutzak ematen digu, hain justu, aniztasun hori ere balioan jartzeko aukera.
Etorkizuneko erronka oso garrantzitsua da aniztasunean bizitzen jakitea.
Nolakoa irudikatzen duzu Errenteriaren etorkizuna?
Nahi nuke, aurretik esan dudanaren ildotik, Errenteria etorkizunean izatea irekia eta abegikorra izango den herri bat, hemen jaiotzen den edo bizitoki gisa aukeratzen duen edonorentzat bere bizi proiektua aurrera ateratzeko aukerak eskainiko dituen herri bat izatea.
Nahiko nuke, noski, orain den bezala izaten jarraitzea: sozialki konprometitua, kulturalki bizia, politikoki aktiboa izatea. Hori guztia nahi nuke etorkizunean ere izatea.
Eta batez ere, bere burua etorkizunari begira proiektatzeko eta elkarrekin etorkizuna eraikitzeko gai den herri bat izatea.