Garazi Ugaldek irabazi du Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa
Lezoarrak aurkeztutako lagina hautatu dute aurtengo Literaturako Nobel sariduna euskaratzeko. Louise Gluck poeta estatubatuarraren lana itzuliko du.
Garazi Ugalde Pikabeak aurkezturiko proiektuak irabazi du Literaturako Nobel saridunak euskaratzeko Jokin Zaitegi itzulpen lehiaketa. Beraz, iazko urte amaieran Suediako Akademiak Nobel saridun hautaturiko Louise Gluck poeta estatubatuarraren The Wild Iris euskaratu beharko du lezoarrak. Lan hori Elkarrek argitaratuko du urte amaieran.
2002an abiarazi zen beka, AEDk eta Elkar-ek Arrasateko Udalaren eta Laboral Kutxaren laguntzarekin antolatuta, eta ordutik hamalau liburu itzuli ahal izan dira horren baitan. Aurten Ugaldek izango du testigua, Itziar Diaz de Ultzurrunek, Peru Iparragirrek eta Nagore Tolosak osaturiko epaimahaiak hala erabakita.