Letren errepublika txikiaren Oiartzungo enbaxada
Oiartzungo Irakurketa Taldeak zazpigarren ikasturtea du martxan. Hileko hirugarren asteartero elkartzen dira irakurritako —ala ez— liburua komentatzeko. Hitz egin zein irakurri, euskaraz.
2014an sortu zen Oiartzungo Irakurketa Taldea. Goiatz Labandibar taldearen dinamizatzaileak gogorarazi duenez, orain dela urte asko bazen taldea, Ramon Zulaikak gidatutakoa, baina gazteleraz egiten zuten.
Duela zazpi urte, Oiartzungo Udalaren eta Manuel Lekuona bibliotekaren ekimenez sortu zen euskarazko taldea.
Ordutik funtzionatzeko modua aldatu dela jakinarazi du Labandibarrek. Hasieran, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako beste irakurketa talde batzuk bazeudela ikusita, Eusko Jaurlaritzak bazuen liburuen biltegi bat. Liburutegiak liburu baten hogei ale erosten zituen, eta beste ale bat Jaurlaritzak. biltegi batean gorde eta trukatu egiten ziren. Liburuen zerrenda batzuk zeuden, nahiko mugatuak, Labandibarren ustez. “Eta mugatuta, batez ere, euskaraz”.
Orain dela urte pare bat beste modu batera funtzionatzen hasi ziren, mailegu sistema bidez. Liburua aukeratu, eta liburuzainak egiten ditu bitartekari lanak. “Aukera asko zabaldu da”, gaineratu du Labandibarrek.
8-12 bat lagun elkartzen dira hilero, baina ez dira beti pertsona berberak. Badago multzo bat “oso leiala” dena, baina kideak aldatu egiten dira. “Agian badago irakurgai bat interesatzen ez dena”, zehaztu du taldearen dinamizatzaileak.
Irakurketa Taldearen hastapenetik dabil sartuta Elias Arizmendi. Aitortu duenez, betidanik irakurri du asko, baina gazteleraz. Bi arrazoiengatik bat egin zuen Irakurketa Taldearekin: lehena, bere burua behartzeko euskaraz gehiago irakurtzera; bigarrena, gauza berbera irakurrita, besteek zein irakurketa egin duten jakiteko.
Jurdana Martin aurreko ikasturtean hasi zen. Ama beti ikusi du etxean irakurtzen, eta bera ere oso irakurzalea izan da betidanik. Gainera, bere ohikotik kanpo dagoen taldea dela uste du. “Irakurtzea bada ebasiorako momentu bat”, argitu du.
Malgutasuna da taldetik erakarri zion dohainetako bat: “Gerta daiteke liburua ez duzula bukatu, edo parte bat bakarrik irakurri duzula, edo aurretik irakurrita duzula. Solasaldira joan zaitezke, eta bertan parte hartu”.
Martinek esan duenez, Irakurketa Taldean hitz egin ondoren, etxera joan eta liburua beste begi batzuekin irakur daiteke. Arizmendik adierazi duenez, Irakurketa Taldeko kideek “lasai arraio” hitz egiten dute elkartzen direnean, eta erabateko askatasuna dagoela liburu bat gustatu zaizula ala ez esateko.
Jarduera ugari
Urritik ekainera bitartean elkartzen da Irakurketa Taldea. Ohiko saioez gain, beste hainbat jarduera berezi egiten dituzte. Hiru hileko bukaera bakoitzean afari-merienda egiten dute, eta ikasturtea bukatzean, afaria.
Gabonetan lagun ezkutua egiten dute. Asko estimatzen duten momentua dela berretsi dute Irakurketa Taldeko hiru kideek. Ez dute aurrez zozketarik egiten, eta oparigileek ez dute pentsatu behar nori eman behar dioten oparia, baizik eta zein izango den erregaloa. Modu itsuan, gainera, ohar bat idatzi behar dute. Elkartzean egiten dute zozketa.
Gainera, ikasturtea bukatzean egile bat gonbidatzen dute. Aurten Oier Guillan izango da, eta VHS bere lehen eleberriari buruz arituko da. Errepikatuko duen lehenengo gonbidatua izango da. Datorren asteartean Xabier Leteren alor prosagilea aztertuko dute, Mugarri-ren iazko alea egin zuenetako batekin: Elixabete Perez Gaztelu.
Taldeko irakurleak gustura uzten saiatzen direla zehaztu du Labandibarrek. “Badago joera eleberriak irakurtzekoa, baina hemen denetarik irakurtzen dugu: poesia, saiakera… eta sorpresa politak eramaten ditugu batzuetan. Eta eleberrian bertan, batzuei gehiago gustatzen zaie historikoa, besteei beltza; beraz, oreka bat aurkitzen saiatzen gara”.