EH Bilduk ez du onartuko Pasaiako lonja amaitu gabe geldi dadin
Oposizioko alderdiak ezinegona adierazi du PPAko presidenteak San Pedroko eraikinaren gainean eginiko hainbat adierazpenen harira.
Pasaiako Portu Agintaritzako presidente den Joakin Telleriak joan den astelehenean iragarri zuen Pasaiako Lonjan eraikitzea aurreikusita zegoen estalkia egitea birplanteatzen ari direla, horren kostu altua dela medio.
Adierazpenen harira, Pasaiako EH Bilduk obra amaitu gabe gelditzearen gaineko kezka azaldu du, oposizioko alderdiak uste baitu esandakoak “oso larriak” direla. Aurreikusitako lana osotasunean gauza dadin eskatuko dute Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Gaur goizean lanak egiten ari diren gunera bertaratu dira Miguel Mari Torrea zinegotzia eta Iker Intza EH Bilduko batzarkidea. Bertan, lanen bilakaeraren gaineko gogoeta egin eta eman beharreko pausoak komentatu dituzte. Bilkideek uste dute pasaitarrek ez dutela merezi 2014ean amaitutzat eman behar zuten lana bukatu gabe uztea: “Non dago bestela portu-hiri bizikidetza?”.