Energia Bulegoa, herritarrak ahalduntzeko eta eraginkortasuna sustatzeko
Oarsoaldea Garapen Agentziak doako atari digital berria jarri du martxan eskualdeko ahultasun energetikoari aurre egiteko.
Oarsoaldea Garapen Agentziak Energia Bulegoa jarri du martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen sailak finantzatua. Bulego horren bidez bi ardatz nagusi landuko dituzte, ahultasun eta eraginkortasun energetikoa. Lehen puntuari dagokionez, eskualdean badira alarmak pizten duten zenbait adierazle:
- Energia kontsumoa (gas naturala eta elektrizitatea) EAEko batez bestekoa baino handiagoa da Oarsoaldean.
- Etxebizitzen ia %100ek ur beroko sistemak dituzten arren, bero sistemen presentzia Gipuzkoan baino %21 txikiagoa da.
- Oarsoaldeko etxebizitza parkea Gipuzkoakoa baino pixka bat zaharragoa da eta bataz besteko azalera txikiagoa du.
- Familien bataz besteko errenta osoa Gipuzkoakoa baino %4,64 baxuagoa da Oarsoaldean.
Horregatik guztiagatik, bulegoak zerbitzu publikoko izaera izango du eta doakoa izango da. Herritarrei energiaren inguruko zalantzak argituko dizkiete gune berrian; besteak beste, fakturak ulertzeko eta energia aurrezteko aholkuak, kontratazioa, eraginkortasun neurriak, energia berriztagarrien aukerak, diru laguntzak… eskainiko dituzte.
Horrez gain, aholkularitza pertsonalizatua eta prestakuntza saioak ere eskainiko dira, herritarrak ahalduntzeko xedez. Energia berriztagarrien, etxebizitzen birgaitze energetikoaren eta energiaren arloan eskualdeko udalerriek dituzten datuen inguruko informazioa ere jaso ahal izango dute interesdunek.
Energia bulegoak, oraingoz, formatu digitala izango du. Aholkularitza pertsonalizatua edo bestelako zerbitzuak jaso ahal izateko, e-posta bidez daiteke edonor harremanetan, edo 943 34 41 60 telefono zenbakira deitu.