Bihotza, giltza eta erantzukizuna
Urte berriarekin, hilabetero kuku bat egitera agertzen naizen OARSO BIDASOKO HITZA-ko leiho hau eraberrituta aurkitu dut.
Urteko lehen iritzia zirriborratzen ari naiz betiko ordenagailuko pantaila zurian. Aitortu behar dizut, baina, oraingoan, berritasun guztiek kitzikatzen gaituzten era berean kitzikatzen nauela zer-nolako itxurarekin iritsiko zaizun ez jakiteak. Estreinako aldiz egiten ditugun gauza guztien irrika nabaritzen ari naiz teklatuan nire hatzek kli-kliekin sinfonia modukoa osatzen ari diren bitartean.
Arropa berriak estreinatzen ditugunean bezala, urrats bakoitza lurretik milimetro batzuk airean gorago emandakoa izango da, aldartea animatzen duten estreinu horietakoa. Eta bereziki estimatu dut berrikuntza asmoa, gauzak dauden horretatik aldatzeko gogoa. Noiz eta inguruan, eta baita gure baitan, dena makaldu, itzali eta astun bihurtu zaigula dirudien garaian.
Gure gelako hormatik marrazki eder eta iradokitzailea duen 2021eko egutegi dotoreak egiten dit diosala egunero. Gu guztiok joan dena baino hobea izateko erantzukizuna eman diogun urtearena, alegia. Irudia Izaro Mariezkurrena donibanearrak sortutakoa da, azpian idatzirik daraman esaldi biribilaren modura: «Mundua aldrebes dagoen honetan, bihotzean dugu giltza».
Nire begiak esaldian pausatu dira. Jakina da mundua, gure mundu zaharra, aldrebestuta dagoela. Hura aldrebestuta eta gure bizitzak –edo bizimodua, behinik behin–, hankaz gora, arrotza bihurtuta ia.
Esango nuke, ordea, bizitza ordenatzen hasteko, lehenik eta behin, endredo honetan guztian gizakiok gure erantzukizuna onartzetik hasi beharko genukeela. Izan ere, iritsi garen egoera generaman bizimoduaren ondorio ia ezinbestekoa da, mundua ulertzeko eta harekin eraiki dugun hartueman moduaren hurrengo geltokia.
Gure bizitza eta gure jendarte antolaketa bihurtu den bizimodua deitu behar diogun anabasa hau, munduan egoteko, ekonomia antolatzeko, harremanak eraikitzeko, naturari begiratzeko eta, beraz, guk geure burua bera ikusteko eraren bilakaera logikoa da. Horregatik, uste dut, pandemia arazoaren osotasunaren zati txiki bat besterik ez dela. Arnas luzeko gaia da, zalantzarik gabe. Eta zurrunbilotik aterako bagara, lehenik bakoitzari dagokigun partea onartzetik hasi beharko dugu. Beraz, abiapuntu gisa, aitorpena egin eta «Mundua aldrebestu dugun honetan» esaten hastea dagokigula deritzot.
Izaroren esaldiaren bigarren partera doaz bizkor nire begiak, jende eta jendarte moduan, akaso, sekula baino beharrezkoagoa bihurtu zaigun itxaropen bila. Bakoitzak gure bihotzean omen dugun giltzaz mintzo zaigu.
Haren arrimuan eraikiko zela pentsatzen dut beste hau ere, «Oarsoaldean eta Bidasoan euskarazko informazioaren giltza eta bihotza». Hitza egitasmo komunikatiboaz ari da, noski.
Esaldi bakarrean komunikazioa eta euskara parean jarriak, non eta euskararen egoera soziolinguistikoa hain zaurgarria izaten jarraitzen duen Oarsoaldean eta Bidasoan. Noiz eta tokikoa zokoratzeko estrategiak sekula baino bortitzago eta ezkutuago erasotzen ari zaizkigunean. Harro egon gaitezke herritarrok txikitasunaren eta bertakoaren aldeko apustua egiten dutenengatik; are gehiago, dena bertan behera geratuko dela eta mundua gainera datorkigula dirudien garaiotan adorez eta kuraiaz jokatzea erabaki eta ausartzen direnengatik.
Segidan, giltza eta bihotza aipatuak, berriz. Bizitzak planteatu dizkigun galdera berrien erantzunak norberak bere bihotzean aurkitu beharko baititu. Bilaketa horretan aurkituko dugu aukera berriak zain dauden atea zabaltzeko giltza.
Begira diezaiegun gure kaleei. Herritarren denda, taberna eta jatetxe txikiak itxita zertan bilakatuko dira? Telepizza eta gisako kate handiek emandakotik jan behar al dugu? Munduko denda handiena den Amazonen xahutu behar al dugu gure dirua? Ohitura eta printzipio asko aldatzen ari zaizkigu pandemiaren aitzakian… Zenbateraino ohartzen ari ote gara?
Debekuen eta ezezkoen munduan murgilduta gaude. Bakoitzak gure txikian eragin dezakegu, ordea. Lehenbailehen hasi nahi dut giltza erabiltzen, tokikoa eta euskaraz zabaltzeko. Ohorea HITZA-ko eta iritzi emaile talde berriko kide izatea, bejondeizuela ausardiagatik!