Lau Haizetarak bukatu du Aukerak Sortzen parte hartze prozesua
Lau Haizetarak eskertu nahi izan du prozesuan parte hartu dutenen ekarpena eta hasieratik interesa agertu dutenen ardura.
Lau Haizetara Euskaltzaleon Topaguneak bukatutzat eman du Aukerak Sortzen parte hartze prozesuaren parte hartze batzarren aroa. Ostegunean egin zuten Merkatuzarren azken saioa, 25 partaiderekin.
Urrian hasitako prozesua Errenterian eragile diren pertsonei entzuteko pentsatutako ariketa bat izan dela esan dute Lau Haizetaratik, “pandemia global baten zurrunbiloan gauzatua”. Prozesua bukatuta, orain ondorioak ateratzeko eta horiek aplikatzeko bideak jartzeko konpromisoa hartu dute elkartekideek: “Horretarako, desafio handiei aurre egin eta herritar eta elkarteen sareak josi beharko dira. Aurretik egin duen bezalaxe, orain euskal hiztunen komunitateari mundu aldakor batera moldatzea eta ikuspuntu eta forma berriak asmatzea egokitzen zaio”.
Lau Haizetarak eskertu nahi izan du prozesuan parte hartu dutenen ekarpena eta hasieratik interesa agertu dutenen ardura, bai eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Errenteriako Udalaren diru babesa, eta Emun aholkularitzaren laguntza teknikoa ere.
…