Trenaren Plataformak antxotarrei laguntza eskatu die: "Non zaudete?"
Plataformako kideek argi dute bizilagunen presioa bide bakarra dela instituzioek entzun dezaten. Ostiralero bilduko dira 20:00etan.
Joan den ostiralean hilero egingo duten bigarren bilkura egin zuen Pasai Antxoko Tren Geltoki Berriaren Plataformak, Gure Zumardian. Plazako arkupeetan euritik babestuta, bizilagunen babes ezaz penatu ziren kideak: “Non daude herri proposamenaren alde sinatu zuten 858 pertsonak?”.
Planaren bultzatzaileek argi dute herria mugiaraztea lortzen ez baldin badute, instituzioek ez dutela euren proposamena entzun ere egingo. Adifen lanak hasiko balira, atzerapausorik ez legokeela badakite.
Horregatik, beste behin ere, deia egin diete antxotarrei ostiralero -hileko azken ostiraletan izan ezik- izango diren elkarretaratzeekin bat egin dezaten. Hurrengoa otsailaren 5ean izango da 20:00etan Gure Zumardian -ordutegia aldatu dute, lehen bi bilkurak 19:00etan izan baitziren-.