Ekainera arteko kultur ekitaldiekin jarraitzeko konpromisoa hartu du Lezoko Udalak
Lezon bizi ez eta herriko kultur ekitaldietarako sarrerak dituztenei, horien kostua itzuliko diela jakinarazi du Lezoko Udalak.
COVID-19aren eraginagatik egun udalerri guztiak itxita egon arren, Lezoko Udalak jakinarazi du ekainera arte landu duen kultur programazioarekin jarraitzeko asmoa duela, “pandemiaren bilakaerak aukera ematen duen heinean” betiere: “Udalak kulturarekiko egiten duen apustu irmoarekin jarraitzen du”.
Beraz, ekainera arte hitzartuta dauden ekitaldi guztiak bere horretan mantenduko direla adierazi du udal erakundeak, osasun segurtasun protokoloak jarraituz. “Garai gogor hauetan inoiz baino gehiago frogatu da kultura sostengu emozional bikaina dela guztiontzat eta horretaz gain, gure nahia da kultur eragileak eta horien lana babestu eta bultzatzen jarraitzea”.
Alta, herrian egingo diren kultur ekitaldietarako, herrikoak ez diren pertsonen sarrerak erosiak dituzte. Horiek oraingoz ezin dute herrira etorri, debekuengatik. Beraz, udalak jakinarazi du sarrerak erosi eta etorri ezin duten horiei tiketen dirua itzuliko dietela. Hori egiteko, Kultura Sailaren telefonora deitu behar dute (943 51 34 76), edo bertako posta elektronikora idatzi. Horren adibide da ostegunean Liher taldeak Gezalan eman behar duen kontzertua: herrira sartu ezin dutenek sarreren zenbatekoa berreskuratzeko aukera dute.
Zentzu horretan, itzuliko diren sarrerak berriz ere salgai jarriko direla esan du udalak, asteazken eguerditik. “Alde ona begiratuz, sarrera gabe gelditu ziren lezoarrek kontzertuaz gozatzeko aukera berri bat izango dute”, esan dute udaletik.