Lonja barruko hodi baten ihesak Esnabide kalea urpetu du
Añarbeko Urak erakundeko langileak zonaldea desinfektatzen ari dira, ur zikinetan COVID-19aren arrastoak egon daitezkeelako. Egoera kontrolpean dagoela adierazi du Udaltzaingoak.
Pasai San Pedroko Esnabide kalea urpetu du gaur 13:30ean Añarbeko Urak enpresaren ur hodi baten ihesak. Antza denez, jarioa Lonja barnetik zetorren, bertako hoditerian izandako arazoren baten fruitu.
Pasaiako Udaltzaingoak urak errepidean eragindako zirkulazio arazoak bideratu ditu, behin-behinean erreietako baten zatia moztuz eta noranzko bakarrean bideratuz ibilgailuak. Dagoeneko berrekin zaio joan-etorrien ohiko martxari eta ez da bestelako arazorik San Pedro eta Trintxerpe lotzen dituen kalean.
Añarbeko Urak erakundeko langileak zonaldea desinfektatzen ari dira ihesa hauteman denetik, izan ere, ur zikinak baitira kalea hartu dutenak, eta baliteke horietan koronabirusaren arrastorik egotea. Dena den, udaltzaingoak lasaitasunerako deia egin du, egoera kontrolpean baitago jadanik.