Fernandez Otxoa estatu terrorismoaren biktimari omenaldia eskainiko diote
Egiari Zor fundazioak, Lezoko Udalarekin elkarlanean, lezoarra gogoratuko dute haren aurkako atentatuaren 40. urteurrenean.
Batallón Vasco Español taldearen atentatua jasan zuen Victor Fernandez Otxoa lezoarrak 1981. urteko otsailaren 27an. Hernaniko taberna batean ari zen lanean estatu terrorismoaren ordezkariek bizkarrean tirokatu zutenean. Tetraplegiko utzi zuten, eta 14 urte beranduago hil zen etengabeko oinaze eta sufrimenduaren ondoren.
Atentatu hartatik 40. urteurrena beteko da otsailean. Gertatutakoa ahanzturan eror ez dadin, eta gerra zikinean estatuaren erantzukizuna aldarrikatzeko egitaraua antolatu du Egiari Zor fundazioak, Lezoko Udalarekin elkarlanean.
«Oraindik lehen eta bigarren mailako biktimak daude», adierazi dute fundazioko kideek, «jasandako biolentziaren arabera, eskubide gehiago edo gutxiago dagozkie, nahiz eta kasu guztietan pairatutako giza eskubideen urraketa berbera izan».
Hori horrela, iaz, Karlos Saldiserekin iaz egin bezala, ondoko egitaraua antolatu dute otsailerako:
- Otsailak 12. Bizitza bat izoztu zuen tiroa dokumentalaren aurkezpena Gezala auditoriumean, 19:00etan. Sarrerak, bertan.
- Otsailak 21. Victor Fernandez Otxoaren omenezko plakaren aurkezpena. Kalejira abiatuko da Gurutze Santuaren plazatik Altamira auzora, 12:00etan. Azken horretan burutuko dute omenaldia.
- Hil osoan zehar. Sentsibilizazio kanpaina modura gertatutakoaren gaineko esku-orriak herriko postontzietan banatu.