Donibaneko saneamendurako parte hartze prozesua jarriko dute martxan
Saneamendu arazoentzako irtenbide teknikoa aurkeztu dio Aldundiak Pasaiako Udalari. Erabakiak hartzeko bizilagunen iritzia kontuan hartu nahi du alkateak.
Jose Ignacio Asensio Ingurumena eta Obra Hidraulikoetako diputatuak eta Izaskun Gómez Pasaiako alkateak Donibaneko saneamendurako foru teknikariek diseinatutako konponbidea eta aurrera begira eman beharreko urratsak aztertu dituzte. Udalak parte hartze prozesu bat irekiko du herritarrei alternatibak ezagutzera emateko.
Diputatuak adierazi du irtenbidea inplikatutako gainerako erakundeei -Aguas del Añarbe eta Ura- aurkeztu zaiela, eta alde guztien adostasuna beharko duela hori gauzatzeko. Asensiok adierazi du bere departamentuak konpromisoa hartu duela obra hori finantzatzen laguntzeko, aurreikusita zegoen bezala.
Izaskun Gomezek iritzi dio ezinbestekoa dela barrutiko bizilagunen parte hartzea sustatzea, kasu batzuetan “eragin garrantzitsuak” izan ditzakeelako. Ildo horretan, parte hartze prozesu bat abian jartzeko asmoa adierazi du, herritarrek teknikarien eskutik aukera guztiak zuzenean ezagutu ahal izan ditzaten.