Zaintzako lanak aitortzeko mobilizazioak egingo ditu LABek
Bihar, asteartea, Pasaiako eta Errenteriako udaletan zaintza lanak aitor daitezen eskatzeko idatzia erregistratuko dute sindikatuko kideek.
Zaintza lanak aitortzeko, eta bide horretan zerbitzu sozialen sistema eta kudeaketa publiko, unibertsal, doako eta kalitatezkoaren aldeko dinamika abian du LAB sindikatuak. Horren harira, greba eguna deitu zuen urtarrilaren 26rako; martxoaren 4rako beste bat iragarri dute. Hemen klik eginda, sindikatuaren eskaera zehatzak ikus daitezke.
Hori baino lehen, Oarsoaldean eta Bidasoan hainbat mobilizazio egingo dituzte. Gaur (martxoak 1), esaterako, informazioa zabaltzeko megafoniadun autoa erabili dute Bidasoan, herritarren gaiaren berri emateko (asteazkenean ere egingo dute). Bihar (martxoak 2, asteartea), hainbat jarduera. Honakoak:
- 09:30ean, Pasai Donibaneko Bizkaia plazako parkinean bilduko dira autoak.
- 10:00etan, Pasaiako Udalaren aurrean elkarretaratzea, eta aldarrikapen idatziaren erregistroa.
- 10:30etik 11:45era, auto karabana eskualdetik.
- 12:00etan, Errenteriako udaletxearen aurrean agerraldia, eta ondoren, aldarrikapenen idatzia erregistratzeari ekingo diote.
Martxoaren 4rako deitu du zaintzako greba eguna LABek. Horren barruan, 11:30ean manifestazioa egingo dute Bulebarretik abiatuta. Gainera, Irunen, 19:00etan Zabaltza plazan elkarretaratzea egingo dute, Karta Sozialak deiturikoa.