Emakumeen beharrak erdigunean nahi dituzte
Lezoko Emakume Taldeak ezinbesteko eman du Berdintasun Mahaia osatzea, herriko emakumeen bilgune izateko, koordinazio esparrua indartzeko, eta eragiteko lehentasunak ezartzeko.
Lezoko Emakume Taldeak bat egin du Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8ko mamitu duen leloarekin, Dena aldatu, sistema arrakalatu. Horri jarraiki, martxoaren 8rako manifestaziora deitu dituzte lezoarrak, zapi morearekin. 19:00etan hasiko da martxa, Gurutze Santuaren plazatik. Era berean, taldeak bat egin du Etxetxo Lezoko Memoria Historikoaren Taldeak 9rako egin duen deiarekin: Memoria historikoaz emakumeen ahotsetatik titulupean, Ander Leon historialariak eta Agustina Pontesta Etxetxoko kideak emakumeen aurkako errepresio frankista izango dute hizpide (Gezalan, 19:00etan).
Lezoko Emakume Taldearen eragiteko asmoa, ordea, egun seinalatuetatik —azaroak 25, martxoak 8…— harago doa. Herrian emakumeek indarra badutela uste dute, baina hori bideratzeko Berdintasun Mahaia osa dadila nahi dute, data seinalatuetakoak koordinatzeko bai, baina urte osoan zehar dinamikak abiatzeko ere, herrian badaudelako beharrak haien ustez. «Udalaren partetik mahaiari ezezkoa eman diote. Berdintasun teknikaria badago, baina barne mailako lanketak egiten ari da. Beraz, udalak Martxoaren 8rako antolatu behar dituenetatik atera egin gara. Ez dago herriari begirako lana egiten», zehaztu du Aitziber Zinkunegi taldekideak.
Lehentasunak ezartzeko
Emakumeen egoeraren gaineko diagnosia egiteke dagoela adierazi dute Lezoko Emakume Taldekoek, lehentasunak ezartzeko. Gazteak, adinekoak, migranteak, langabeak, tratu txarrak jasan dituztenak… «Herrian badago zer egin, ezinbestekoa da Berdintasun Mahaia, eta herrian diagnosi bat egitea. Eragile bakoitzak bere lanketak egin ditzake, baina koordinaziorako mahaia ezinbestekoa dela uste dugu». dio Zinkunegik.
Aurtengo Martxoaren 8aren gaineko gogoeta egin du taldekideak: «Iaz, pandemiaren zabalkundea gure errua izan zela esan zuten. Aurten, ‘horiek kalean zer dabiltza’ esaten ari dira… Iruditzen zaigu badagoela gure kontrako gorrotoa. Gizartean badago feminismoaren kontrako jarrera. Egiten duguna egiten dugula, beti gaizki ikusiak izango gara. Baina kalean egongo gara berdin-berdin».