Adinekoak, udaberrian ere aktibo
Kirol jarduera kanpaina berria abiatuko du udalak apirilean 65 urtetik gorako errenteriarrei begira.
Hilaren 31n amaituko da udalak 65 urtetik gorako herritarrei begira antolatutako kirol jarduerak. Helburua populazioaren sektore hori aktibo mantentzea da, eta COVID-19aren pandemia testuinguruan, horretarako eremu eta aktibitate seguruak eskaintzea.
Arrakastatsua izan da adinekoei begirako kirol jarduera sortak jaso duen erantzuna joan den urrian martxan jarri zutenetik, eta horregatik, udalak kanpaina berria martxan jartzea erabaki du Maite Gartzia kirol zinegotziak jardueretan parte hartzen ari diren bi herritarrekin batera eskaini duen agerraldian. Aurrekoa bezala, apirilaren 12tik ekainaren 30era arte bitartean Galtzarabordako kiroldegian martxan izango den kanpaina doakoa izango da.
Eskainiko dituzten jarduerak honakoak: Gimnasia, pilates, yoga eta stretching; bina talde antolatuko dituzte jarduerako, gimnasia taldeak astearte eta ostegunetan izango dituzte saioak, lehen taldeak 09:30etik 10:30era (30 lagun 15 pertsonako bi taldeetan), eta bigarren taldeak, 10:30etik 11:30era (15 plaza). Yogan, astearteko taldea 11:00etatik 12:00etara arituko da, eta ordu berean, baina ostegunetan bigarren taldea (12 plaza talde bakoitzean). Pilates astelehen eta asteazkenetan egingo dute bi taldeetan, 11:00etatik 12:00etara biak, eta plaza kopurua 12koa da. Stretching taldeen kasuan ere, bi izango dira, bata asteartean eta bestea ostegunean, eta saioak 09:00etatik 10:00etara egingo dituzte. Talde bakoitzeko, 12 lagun horietan ere.
Gartziak azaldu duenez, ez dira plazak izena ematearen arabera gordeko, zozketa bidez baizik. Aldez aurretik,izena eman behar da inprimakia beteta telematikoki edo kirol azpisailaren bulegoan (Galtzaraborda kiroldegian). Izena emateko epea berriz, gaurtik hilaren 18ra arte izango da zabalik 10:00etatik 13:00etara.
Kanpainan parte hartzeko 65 urtetik gorakoa izan behar da eta Errenterian erroldatuta egon.