Neska gazteak elkar saretzera deitu dituzte
12:00etan manifestazioa egingo dute Oarsoaldeko ikasleek Errenteria-Oreretako Herriko Plazatik abiatuta.
Martxoak 8 ospakizunerako bai, baina batez ere aldarrikapenerako hitzordua da emakumeentzat. COVID-19aren testuinguruak zaildu egin ditu protestak, ez da aurten manifestazio jendetsurik ikusiko udalerriko kaleetan. Kalea ordea, hartu egingo du mugimendu feministak, ezinbestekoa delako aldarrikapenak bizirik mantentzea, emakumeen aurkakako mota askotako biolentziekin amaitzeko ahalduntzea bezain garrantzitsua delako espazio denak hartzea, eta emakumeek bere egin ditzaten.
Horren garrantziaz jakitun dira ere Errenteria-Oreretako neska gazteak; beraiek ere kalera aterako dute aldarria, eta saretzera deitu dute sistema heteropatriarkala arrakalatzeko.
Hiru hitzordu egin ditu horren harira Zirika Neska Gazte taldeak: lehenengoa, 12:00etan Herriko Plazan, bertan elkartuko dira Oarsoaldeko ikasle manifestazioa egiteko. Bigarrena, 18:40an egin dute. Ordu horretan neska gazteen zutabea abiatuko da Emakumeen Etxetik. Hirugarren hitzordua, 19:00etan, Oreretako Mugimendu Feministak deitu duen elkarretaratzerako egin dute, 19:00etan Zumardian Oiartzun Ibaia hiru zubietan barrena inguratzeko.
Deialdi guztietan, zorrotz beteko dituzte segurtasun neurriak.