Migratutako emakumeei ateak zabaldu nahi dizkio kooperatibismoak
Zaintzan ari diren migratutako emakumeak bizi duten egoera erdigunean jartzeko bi iniziatiba antolatu dituzte Errenteria-Oreretan: 'Mira' arte instalakuntza, eta gaiaren inguruan Olatukoopek egin duen dokumentala eta ondorengo mahai ingurua.
Ate bat. Hamaika testigantza. Emakumeen, eta gehien bat, emakume migratzaileen ahotsak. Zaintza eta duintasuna erdigunean. Osagai horiek guztiak ditu Mira instalakuntza artistikoak. Gaur aurkeztu dute eta Emakumenen Etxearen kanpoaldean izango da gaurtik hilaren 18ra arte. Parean elkarteko Miren Lanzek eta Oihana Llorentek azaldu dituzte proiektuaren nondik norakoak, eta beraiekin izan dira OlatuKoopeko eta Talaioskoop sareetako, Hiritik At eta Sorburu kooperatibetako, Bitamine Irungo artisten kolektiboko, eta Oreretako Mugimendu Feministako ordezkariak.
Martxoaren 8aren harira, OlatuKoop ekonomia sozial eta eraldatzailearen aldeko sareak kalera atera nahi izan du migratutako eta zaintza lanetan dabiltzan emakumeen egoera. Hori da instalakuntzaren oinarria.
Zainketen krisiak, atzerritartasun lege injustuak, merkatu informalaren iluntasunak eta esplotazioan oinarritutako lan esperientziek migratutako emakumeen egunerokoan eragin zuzena dute gaurko agerraldian salatu dutenez, “kolonialismoa, kapitalismoa eta patriarkatua eskutik hartzen duten testuinguru hau gure herriko etxeetan sartzen da, dramatikoak izateraino iristen diren egoerak biziaraziz, eta justizia sozialaren ikuspegitik kezkagarria den panorama eraginez”.
Egoera hori iraultzeko kooperatibismoak tresnak ote dituen hausnartzen ari dira, Mira proiektua askoz ere zabalagoa, anbizio handiagokoa den proiektu baten barruan kokatuta dagoelako, KoopDenontzat, hain zuzen ere. Etxeko lanetan eta zaintzan diharduten emakume migratzaileen errealitatea ezagututa, ekonomia sozialetik abiatuta zer alternatiba eskain dezaketen aztertzea du helburu Koop Denontzat proiektuak; aztertu nahi dute kooperatiba bat, forma juridiko gisa, alternatiba bat izan daitekeen langileen lan baldintzak duintzeko. Horretarako, ezinbestekotzat jo dute emakume migratzaileen sareak sortzea eta ahalduntzea.
Zaintzan ari diren migratutako emakumeak bizi duten egoera erdigunean jartzeko bi iniziatiba antolatu dituzte Errenteria-Oreretan: Mira arte instalakuntza, eta gaiaren inguruan Oaltukoopek egin duen dokumentala eta ondorengo mahai ingurua. Azken hori hilaren 18an izango da 18:00etan. Zaintza lanetan dabiltzan eta SOS Arrazakerian antolatuta dauden migranteek eta Oreretako Mugimendu Feministako ordezkariek hartuko dute parte.
Bitaminen izenean hitza hartu du Carlos Sanchezek, Mira sortzeko aukera emateagatik eskerrak eman dizkie KoopDenontzat proiektuaren atzean dauden eragileei baita Emakumeen Etxeari lehenengoz espazio publikoan jartzeagatik. Mirak ezkutuan dagoena azaleratu nahi duela esan du: “Ate honetara hurbilduta hainbat etxetako atearen bestaldean gertatzen dena entzuteko aukera izango du bertaratzen denak”.
Izenburuaz ere mintzo da artista, eta behatxulo hitzatik harago doala azaldu, “urrun dagoena ikusteko balio digu, baina miresmenarekin ere lotuta dago, etxeko langileekiko. Mira esapideak zerbait zain, eta itxaropena izatea ere esan nahi du, eta kasu honetan aldaketa baten beharra iradokitzen du.
Atearen bueltan jasotako ahotsak askotarikoak direla ere esan du Sanchezek, hizkuntza, jatorria eta izaera ezberdina dute bertara bildutako emakumeek, baina denek dute zerbait komunean: emakumeak dira, etxeko langileak eta bertan lan egin eta bizi dira. Mundu Bat erakundeak bildu zituen kanpaina baten barruan eta Otzandu gabeko etxeko langileak kolektiboaren —Colectivo trabajadoras domestikas no domesticadas—kide dira.
Lanarekin zaintzaren gaineko hausnarketa piztu nahi dute, “zaintza denon ardura delako, zaintzak aske egin behar gaituelako guztiok eta ez bakar batzuk morroi”. Artista kolektibo batentzat oso interesgarria dela horrelako lana egin ahal izatea xede sozial eta eraldatzailea duen proiektuan parte hartzea.
Helga Massetani da instalakuntzaren atzean dagoen artista. Bitamine Kolektiboko kidea da bera ere, Sanchez bezala. Testigantza guztiak aztertu eta esanguratsuenak iruditu zitzaizkien zatiak hartu dituzte instalakuntza egiteko. Proiektu orokorra instalazio artistiko batera eramatea izan dela bere lana azaldu du artistak: “Ate itxiak badu bere esanahia, kokatzen zaren lekuaren arabera etxearen barruan edo kanpoan zaude. Atea itxita dago, ezin duzu ireki, barruan bazaude ezin duzu ireki atea; parte izatea edo ez, espetxe barruan sentitzea, sentimendu horiek guztiak erakusten eta artera eramaten saiatu gara”.
Kontzentrazio esparruak ere aipatu ditu Bitamineko kideak, bertan maxima ‘lanak aske egingo gaitu’ azaldu du.
Atearen aurrean, azpian lanpasa, eta bertan esaldia: ‘Zaintzak aske egiten gaitu’, “egoera ez da kontzentrazio esparruetakoa, baina esaldia hura hartu, moldatu eta instalaziora ekarri dugu, etxeko langileak badakielako egiten ari den lanak paperak ekarriko dizkiola, soldata bat emango diola nahiz eta egiten duen lana ez zaion gustatzen; ez dute ordea, beste irtenbiderik. Bestalde, zaintzak aske egiten gaituela esaten dugunean, etxeko langile guztien artean zaintzeaz ari gara ere, eta aurrera elkarrekin egitea”.
Mahai inguruan streaming bidez emango dute eta Oiartzun zein Pasaiako mugimendu feministek hitzorduak antolatu dituztela euren herrietan, Antxon Bekoz Beko elkartearen egoitzan eta Oiartzunen Pleno aretoan, jakinarazi dute gaurko agerraldian.
Streaming bidez jarraitzeko bitarteko egokirik ez dutenek, Emakumeen Etxean jarraitu ahalko dute ekitaldia, eta horretarako aldez aurretik eman behar dute posta elektronikoz, edo Emakumeen Etxean bertan.