Dohaintzekin osatutako bidaia
Urteetan Iraultza dantza taldeari norbanako zein familiek emandako jantzi eta objektuekin erakusketa antolatu du dantza taldeak.
Jantziaren Zentroak bidaia berria proposatu du. Urteetan Iraultza dantza taldeari norbanako zein familiek emandako jantzi eta objektuekin erakusketa antolatu du dantza taldeak. Hamasei donaziok osatzen dute Donazioak erakusketa: 1880 eta 1980 urte arteko soineko, galtza, zein kapak, emakumeen kortse ortopedikoa, Gran Casino de San Sebastiango karta sorta, edota Lakarrin (Zuberoa) 1910. urtean Napoleon pastoralean erabilitako koroa ikus daitezke bertan.
Jasotako jantziek informazio handia ematen dutela azaldu dute Jantziaren Zentroaren arduradunek: “Baserritar jantzia nolakoa zen jakin daiteke, argazki eta grabatuek irudi bat ikusten laguntzen dute, baina benetako informazioa, gure arbasoen arropa eta objektuek ematen digute”. Jantziaren barrualdeak, patroiek, puntadak jasotzen dituzte jantziaren benetako sekretuak haien esanetan.
Iraultza Dantza Taldearen ondarearen parte izan daitekeen piezaren bat izan eta behar bezala gorde ezin duen pertso edo familiaren bat balego, Jantziaren Zentroarekin harremanetan jartzeko eskatu du Iraultza Dantza Taldeak, bestalde, e-posta bidez.
Apirilaren 18ra arte izango da zabalik, eta bisita doakoa da. Larunbatetan 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara dago zabalik Jantziaren Zentroa, eta igande eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara.