Croma paretak
Eremu gorria izango bagina sikiera… -pentsatzen dut nire baitan etxe azpiko tabernen aurretik pasatzen naizen aldiro-. Kolore gorriak berezkoa duen indarraz ekintzara bultzatuko gintuzke, lozorrotik esnatu eta, bide batez, mesede handia egin tabernak ixtera behartuta». Baina ostatuak zabalik daude eta eguratsari gris kolorea antzematen diot, ez da inguruan inongo mugimendurik nabari. Begiak testutik altxa aurretik, mesedez, emaidazu aukera bat, hau ez baita tabernak bai/ez eztabaidan sartzeko idatzia. Benetan kezkatuta nago.
Hiltasuna nabari dut tabernetan aditzen ditudan elkarrizketetan; errepikakorrak, hutsalak eta bizitasunik gabekoak iruditzen zaizkit, futbol partida dagoenetan izan ezik, noski. Arte zein kulturarekiko hoztasuna nagusitzen da giroan eta, oro har, azalkeria, gauza bera errepikatuz egunak joan egunak etorri. Funtsean, itzalita gaudela sumatzen dut, eta mindu bezainbat haserretzen nau horrek.
Begira nezake beste alde batera, baina ezin dut, hori baita gizarte gisa dugun arazo nagusienetakoa; gureaz arduratzearekin nahikoa dugulakoan, kolektibotasuna bigarren mailako bihurtu da eta ez nuke hori elikatzen jarraitu nahiko. Ez dut, halaber, inongo ez inoren salbatzaile izateko asmorik, ez bainaiz nor inori zer (ez) egin esateko, baina bere garaian eskertuko nukeenez gisa honetako bultzadarik, hauxe nire ekarpentxoa. Betidanik izan dut eredurik ez izatearen konplexua eta esperientziadun pertsonez lagunduta daudenekiko enbidia. Egun, hogeita zortzi urte betetzear, atzera begiratu eta inpotentziaz oroitzen ditut gaztaroko zenbait pasarte, unibertsitate garaia barne. Badakit, erreferente gehiago izan banitu, gehiago aprobetxatuko nituzkeela.
Zorionez, jakin-minak eta ilusioak lagundu naute beti eta gaur-gaurkoz esan dezaket ez naizela lau pareten artean harrapatuta sentitzen. Irratian lan egin izanak zerikusi handia izan du horretan, bide berriak deskubritu baititut hango eta hemengo sortzaileen kontaketei esker. Askotariko galde-erantzunen artean jabetu naiz ez dugula erreferente bila urrutira joan beharrik, gure egunerokoa eta ingurukoak beste modu batean begiratzea dela kolore berriak deskubritzeko giltzarria. Askotan, inguruan daukagunaz ere ez baikara jabetzen.
Nago gizarte gisa kritikotasuna sendotzeko espazio falta dugula eta erraztasunak baino zailtasunak topatuko ditugun arren, lekuok kausitzeko ahalegina egitea dagokigula, hain beharrezkoa den kolektibotasuna berreskuratzeko. Batutako pertsona burujabe eta eraikitzaileek soilik gauzatuko dute bizimodu hobe baterako bideorria. Eta puntu honetan bueltatuko naiz jan edanerako guneetara. Garaiotan, horiek baitira hartu-emanetarako eskura ditugun espazio bakarrak. Sozialki onartuenak, bederen. Bada, tabernak badira sozializatzeko aukeratuko ditugun txokoak, izan daitezela eraikitzaileak. Alegia, gure ideiak, besteenekin elikatuz, argitu zein garatzeko bide emango digutenak. Modu horretan bakarrik osatu ahal izango dugu bizi osoan zehar aberastuz joan beharko lukeen gure kolore paleta propioa, zeina gaur-gaurkoz oinarrizko koloreek soilik osatzen duten.
Talentua alkohol artean ito dadin ahalbidetu dugun bezala, zergatik ez zukutu? Eskura ditugun tresnak bildu eta tabernetako paretak berdez margotzea proposatzen dizut. Atera probetxua lagunekin izaten dituzun elkarrizketei, galdetu, entzun, deskubritu; hartara, guk nahi besteko dimentsioak hartuko ditu orain arte lau paretek mugatu duten espazioak eta haziko gara, elkarrekin. Orain inoiz baino gehiago, topa!