Badiako uretako zaborra: plastikoa, zigarrokinak eta baita musukoak ere
Mater Museoaren 'Seabin' itsas-zaborrontziak 1,65 kilogramo zabor inguru jasotzen ditu egunean. Hondakinen 'top ten'-a egin dute.
Jasotako hondakin ugarienak plastikoak izan ohi dira; nabarmena izan da azken aldiko medikuntza hondakinen gorakada. Mater Ontzi Museo Ekoaktiboak berriki argitara atera duten analisi baten arabera, Seabin itsas-zaborrontziak 1,65 kilogramo hondakin jasotzen ditu, bataz beste, egunean. Guztira 2111 hondakin puska (11,65 kilogramo) atzitu dituzte azken saioan.
Hondakin bilketa bi fasetan egin dute: otsailaren 15etik 19ra, eta hilabete bereko 22tik 25era. Bederatzi egun horietan zehar 24 orduz egon da lanean gailua San Pedroko Torreatzeko ontziralekuan. Pasaiako uretan denbora tarte horretan jasotakoaren artean top ten-a egin du Materrek, honakoak dira sei hondakin nagusiak:
- Plastikoak. 106 unitate.
- Zigarrokinak. 76 unitate.
- Hondakin higienikoak. 31 unitate.
- Gomak. 19 unitate.
- Arrantza hondakinak. 10 unitate.
- Medikuntza hondakinak. 4 unitate.
